Urrezko dominak eskuratu dituzte June Loidik eta Julen Urruzolak Espainiako selekzioarekin

Barren.eus 2022ko uzt. 18a, 16:19

Mediterraneoko Jokoetan lehiatu zen June Loidi senior mailako Espainiako eskubaloi selekzioarekin, eta urrezko domina ekarri zuen Aljerian jokatutako txapelketatik. Era berean, junior mailako Europako txapelketa irabazi berri du Julen Urruzolak Espainiako taldearekin, Portugalen.

Espainiako Senior mailako eskubaloi selekzioak, -“Guerreras” taldeak-, urrezko domina irabazi zuen Aljeriako Oran hirian jokatu zituzten Mediterraneoko Jokoetan. Hala, duela lau urte Tarragonan jokatu zituzten Mediterraneoko Jokoetan lortutako tituluari eutsi zion Jose Ignacio Prades hautatzaileak gidatutako talde berri honek. Partida bakar bat galdu gabe lortu ere. Sailkapen fasean jokatutako hiru partidak irabazi zituzten aurrenik, Argelia, Tunez eta Kroaziaren aurka. Finalerdietan Portugal kanporatu zuten eta finalean Kroaziari irabazi zioten, 26-24ko emaitzarekin. Hala, nazioartean orain arte lortu duen garaipenik garrantzitsuena eskuratu du June Loidi (Elgoibar, 2000) elgoibartarrak.

2022 07 18 guerreras eskubaloia aljerian joko mediterraneoak rfeb

 • Urruzola, Europako txapeldun
Julen Urruzolak ere esperientzia aberasgarria bizitzeko aukera izan du junior mailako Espainiako selekzioarekin, 'Hispanos Junior' moduan ezagunak diren taldearekin. Europako Txapelketa jokatu dute azken egunetan Portugalen eta etxeko taldea eta Espainia ailegatu ziren atzo jokatu zuten finalera. Emozioz beteriko finala jokatu ostean, 35-37 irabazi zuen Espainiak. Txapelketako lehen fasean ere jokatu zuten elkarren aurka bi taldeok, eta Portugalek irabazi zuen partida hura (36-35); Espainiak txapelketa osoan galdu duen neurketa bakarra. Azken hamar urteetan maila honetan irabazten duten hirugarren urrea da Espainiarentzat.
Rodrigo Reñones hautazaileak banan banan aztertu du taldeko hamasei jokalariek txapelketan eginiko lana. Julen Urruzolaren inguruan esan du, Hispanos Junior taldeko dorrea edo jokalari garaiena izan dena amezgaizto bat izan dela talde aurkarien erasoko jokalarientzat, "bereziki Bidasoa Irun taldean eta selekzioan taldekide duen Eneko Furundarenarekin batera defentsako erdialdean elkarrekin aritu izan direnetan".

2022 07 18 Eskubaloia espainia selek txat europa portugalen rfeb

∞Lotura duten albisteak: