Aurtengo Mugertza krosaren oso balorazio positiboa egin dute antolatzaileek

Barren.eus 2016ko urt. 27a, 17:21

Helburu denak beteta, Mintxeta Atletismo Taldea “oso gustura” gelditu da Mugertza krosaren 73. edizioak eman duen guztiarekin. Era berean, Elgoibarren bisitan izan diren Mamo Wolderen semeak eta alabak -Tabor eta Addis- ere hitz politak eskaini dizkiete antolatzaileei eurekin izan duten tratuagatik.

“Badakigu Mugertza krosean parte hartu duten hainbat korrikalari pozik egon direla gure artean, halaxe adierazi digute-eta joan direnean”, esan du Mugertza kroseko zuzendari Zigor Diezek. Balorazio positiboa egin dute Mugertza kroseko antolatzaileek. “Normaltasun osoz jokatu ziren hamar lasterketak eta horixe da nabarmentzeko daukaguna. Eguraldi zoragarria egin zuen eta atletismo zaleak gozatzeko moduko ikuskizuna eskaini zuten atletek”, esan du Diezek. 4.000 lagun batu ziren domekan Mintxetan, 500 atletatik gora lasterka ikusteko. Senior mailako lasterketetan beste urte batzuetan baino euskal antxitxikari gutxiagok hartu zutela parte azaldu du Diezek, datorren domekan korrituko den Donostiako krosean Euskadiko Kros txapelketa jokoan egongo delako. “Lehiaketa horretarako fresko egon nahi dute euskal atletek eta batzuk ez ziren Elgoibarrera etorri. Hala eta guztiz, 140 lagunek hartu zuten parte senior gizonezkoen lasterketan”, gaineratu du. 

Kataluniarren haserrea epaileekin

2016 01 27 mugetza atleta katalanakAntolatzaileekin zerikusirik ez badauka ere, Mugertza krosean parte hartu zuten Kataluniako selekzioko hainbat kide haserre daude epaileetariko batek Kataluniako selekzioaren kamisetarekin korrika egiten laga ez ziela-eta. IAAFeko ordezkari Luis Miguel Landak jubenil nesken lasterketan senyerarekin korrika egitea galerazi ziela salatu dute Kataluniako selekzioko kideek. Gai honek oihartzuna izan du Kataluniako zenbait komunikabidetan (El MonL´Esportiu). 

•Tabor eta Addis Wolderen esker oneko berbak

Mamo Wolderen semea eta alaba, Tabor eta Addis, Elgoibarren izan dira egunotan, Mintxeta atletismo taldeak gonbidatuta. Aitari eskainitako oroigarria ezagutzen izan ziren Mintxetan, joan den barixakuan, eta krosa barru barrutik bizitzeko aukera izan zuten domekan. Atzo itzuli ziren etxera, Minesotara (AEB). Joan aurretik, baina, esker oneko hitzak eskaini dizkiete antolatzaileei eta elgoibartarrei. “Eskuak zabalik hartu gaituzue eta harrituta laga gaitu gure aita zena ezagutu zuen jendea ezagutzeak. Era berean, euskal kulturak -jendeak, paisaiek, herriak…- txundituta laga gaituzte. Dena izan da ederra. Sekula ahaztuko ez dugun bizipena. Gure aitaren izena eta izana gogora ekarri diguzuen guztiok eskertu nahi zaituztegu eta baita zuen oroitzapenak gurekin familiartekoak bagina moduan partekatzeagatik ere”. Hona idatzia, ingelesez:

"I can't tell you how amazing our stay in Elgoibar was - we were very overwhelmed by everyone's kindness and how we were welcomed with opened arms. It seemed like everyone we ran into knew who our father was, which we didn't expect. We are blown away by basque culture - the people, the landscape, the town... Everything is beautiful and it was an experience we will never forget. We are so thankful for you all for remembering our father and sharing everything with us like we are family"
Addis and Tabor Wolde

2016 01 27 mamo wolde semealaba bisita

2016 01 27 mamo wolde semealaba bisita2