Getaria-Zarautz itsas zeharkaldirako prestatzen ari dira Master taldeko igerilariak

Barren.eus 2022ko uzt. 13a, 14:45

50 urte beteko ditu aurten Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiak, urteko kirol ekitaldi klasiko bat denak eta igerilari askorentzako lasterketa erreferentea. Halaxe da proba prestatzen diharduten elgoibartar mordoxkarentzat ere.

Elgoibarko Igeriketa Taldeko Master taldean diharduten igerilari ugarik dute Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian parte hartzeko asmoa; eta, proba prestatze aldera, Master taldeko ia 25 igerilarik Getariatik Zarautzera igerian egin zuten joan den zapatuan, lasterketako ibilbide bera eginez. "Baldintza oso onak izan genituen igerian egiteko, eta Zarautzko piraguista taldeko kideei eskerrak eman nahi dizkiegu ibilbidea gurekin batera egin zutelako, babes moduan", azaldu dute.

Balea Igeriketa taldeak antolatzen duen probaren 50. ekitaldia uztailaren 23 eta 24ko asteburuan jokatuko dute, eta egingo diren hiru igeriketa probetan 4.000 lagun inguruk hartzea espero dute.

Zarautz-Mollarri-Zarautz zeharkaldi luzearekin ekingo diote asteburuari, hilaren 23an; 11:30ean hasita, 5.000 metroko distantziako proba osatu beharko dute igerilariek. Domeka goizean, hilaren 24an, bi proba jokatuko dituzte: 10:00etan, haur zeharkaldia eta 11:00etan, berriz, proba nagusia, 2.850 metroko Getaria-Zarautz zeharkaldia.