Peades d'Aigua lasterketa irabazi du Maite Maiorak, UTMB World Series zirkuitoko proba

Barren.eus 2022ko uzt. 8a, 09:01
 
1.500 lasterkari zeuden izena emanda atzo Peades D'Aigua (PDA) lasterketarako. Naut Aranen jokatu zuten proba eta 55 kilometroko ibilbidea osatu zuten korrikalariek. Eta Maiorak sasoi betean dagoela erakutsi zuen. Duela hamabost egun, Kanadan, Minotaur Skyrace mendiko lasterketan, bigarren eginda zetorren, eta atzo, sei ordu, 55 minutu eta 20 segundu behar izan zituen Salardutik Vielhara arteko 55 kilometroko ibilbide tekniko eta azkarra lotzeko. 3.300 metroko desnibel positiboa eta 3.700 metroko desnibel negatiboa gainditu zuten korrikalariek.  Maiorak zortzi minutuko aldea atera zion bigarren sailkatuari, Emily Schmitzi (7:03:53). Emakumezkoetan, Aurelia Paulek osatu zuen podiuma (7:33:29). Gizonezkoetan, berriz, Yanquiao Yun korrikalari txinatarrak irabazi zuen, 5.37:42ko denbora eginda. Haren atzetik helmugaratu ziren Ionel Cristian Manole (5:38:48) eta Sergio Gustavo Pereyra ( 5:46:32)