Irailaren 17rako antolatu dute Debabarreneko Orientazio Raida

Barren.eus 2022ko uzt. 5a, 13:34

Bi urteko etenaren ostean, irailaren 17an jokatuko dute Debabarreneko VI. orientazio proba, eta aurtengoak Deban izango ditu hasiera eta helmuga. Bi proba antolatu dituzte, Abentura eta Familia raida. Dagoeneko izena emateko aukera zabalik dago.

Morkaikoren Raid Taldeak irailerako antolatu du Debabarreneko VI. Orientazio Raida. Irailaren 17an izango da, eta aurtengoa Deban jokatuko dute, 2019an egin zuten bezala. Raidak bi proba izango ditu: Batetik, Abentura bezala ezagutzen den proba, bikoteka egiten dena, 7 orduko iraupenarekin eta bestea, Familia Raida, 2 eta 5 pertsona arteko taldetan egiten dena, 2 orduko iraupenarekin. Raid bat orientazio proba bat da, eta helburua, mapa baten markatutako puntu gehienetatik pasatzea da, probak irauten duen bitartean. Dena dela, bakoitzaren ahalmenaren arabera proba moldatzeko aukera egongo da.

Abentura probak mendi bizikletako bi sekzio eta oinez egin beharreko beste bi eukiko ditu, eta ohikoa den bezala, proba bereziak ere izango dira tartean, hala nola, hondartzan egingo diren jokoak, eskalada eta espeleología proba bat, besteak beste. Familia Raida, bestalde, oinez edo korrika txikian egiteko proba da, eta joko eta proba bereziak izango ditu: Slackline, hondartzan jokoak, orientazio joko espezifikoak… 

Informazio gehiagorako eta izena emateko: https://debabarrenaraid.wordpress.com/