Deca eta Beristain eskubaloi taldeak Gipuzkoako txapeldun

Barren.eus 2016ko urt. 26a, 12:56

Sanlo eskubaloi taldeko bi taldek Gipuzkoako txapelketa irabazi dute. Deca Elgoibar kadete mutilen taldea eta Beristain Banaketak jubenil mutilen taldea dira txapeldunak. Bi taldeek Elgoibarren jokatu dute Euskal Ligako bigarren fasera sailkatzeko fasea, datorren asteburuan.

Deca Elgoibar kadete mutilen taldeak denboraldi aparta egin du. Jokatutako 17 partidetatik bakarra galduta irabazi dute Gipuzkoako txapelketa. Bidasoa Irun taldea izan dute aurkari nagusia, baina elgoibartarrek lau puntuko aldea atera diete irundarrei sailkapen nagusian. Irunen bi goleko aldeaz galdu zuen Decak eta zazpi goleko aldeaz irabazi zuten Elgoibarren jokatutako partida. Nagusitasun handia erakutsi dute elgoibartarrek. Sartutako eta jasotako golen kopurua adierazgarria da oso. 621 gol sartu dituzte eta 392 besterik ez dituzte jaso. Bankoa Elgoibar taldea ere maila berean lehiatu da eta laugarren postuan sailkatu dira. Sanloko kadete mailako mutilen taldeak jarraian irabazten duen bigarren Gipuzkoako Txapelketa da honakoa.

Beristain Banaketak jubenil mailako taldea ere denboraldi ia perfektua burutzen ari da. Hamalau partida irabazi eta bakarra galdu dute. Alabaina, parekotasun handia izan da maila honetan eta partida lehiatuak jokatu behar izan ditu Beristain Banaketak taldeak. Sanlotik jakinarazi dutenez, zenbait urte pasa dira Sanloko jubenil mutilen talde batek Gipuzkoako txapelketa azkenengoz irabazi zuenetik.

•Igoera faseak Elgoibarren

Euskal Ligako Bigarren Fasea jokatzeko igoera Faseak Olaizaga eta IMH kiroldegietan jokatuko dira datorren asteburuan: urtarrilak 29, 30 eta 31. Kadete mutilen mailan lau taldez osatutako bi multzo izango dira eta horietako batek Elgoibarren jokatuko dituzte partidak. Lau talde horietako bi talde onenak Euskal Ligako bigarren fasea jokatzeko sailkatuko dira. 

Jubenil mutilen kasuan ere lau taldez osatutako bi multzo egingo dituzte, eta laukote batek Elgoibarren jokatuko du. Kadeteetan moduan, lehenengo bi salktauek lortuko dute Euskal Ligako bigarren faserako sailkapena. 

Dena dela, hurrengo denboraldian hasieratik Euskal Ligan jokatu ahal izateko beste igoera fase bat jokatuko da apirilean edo maiatzean –datak zehazteke daude-. Gipuzkoako kirol-talde onenak (Elgoibar), Bizkaiko onenak (Urduliz) eta Arabako onenak (Corazonistas) jokatuko dute elkarren aurka. Horietatik bi talde igoko dira Euskal Ligara. Kadete eta jubenil mailako taldeen emaitzak hartzen dituzte kontutan kirol-talde onenen sailkapena osatzeko. 

2016 01 27 beristain banaketak sanlo