Munduko zortzi kros onenen artean bigarrengoz

Barren.eus 2016ko urt. 19a, 14:40

Bigarren urtez jarraian Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) osatutako kros lasterketen egutegian izango da Elgoibarko Juan Mugertza Nazioarteko krosa, munduko zortzi kros onenen artean, alegia. Gaur eguerdian aurkeztu dute. Faboritoen artean Tamirat Tola, Conselsus Kipruto eta Timothy Toroitich aipatu behar dira, gizonezkoetan, eta Netsanet Gudeta, Alemitu Heroye eta Irene Chepet emakumezkoetan. (atleta esanguratsuenen zerrenda dauka)

Juan Mugertza krosaren 73. edizioa aurkeztu dute gaur eguerdian antolatzaileek. Mintxeta Atletismo Taldeak antolatu duen 15. krosa izango da, duela 15 urte hartu baitzion erreleboa Ego-Toki elkarteari. Mintxetako ordezkari Zigor Diezek azaldu duenez, krosa antolatzeko eta goi mailako atleta hauek Elgoibarrera ekarri ahal izateko urte guztian “gogor” lan egin behar izan dute. 90.000 euroko aurrekontua du probak. Bigarren urtez jarraian IAAF kategoria eskuratu izana ere nabarmendu du. “Oso inportantea da guretzako, kros batek izan dezakeen maila altuena baita, eta denboraldi honetan zortzi krosek bakarrik dute munduan”. Diezen berbetan Elgoibarren eta Gipuzkoaren izena munduan zabaltzeko “aukera paregabea” eskaintzen du Mugertza krosak. Dagoeneko Elgoibarren dauden atletak eskertuz hasi du aurkezpen ekitaldia eta antolakuntza lanetan lagun izan dituzten Elgoibarko Udala eta gainerako babesleak ere eskertu ditu. 

Domekan, urtarrilaren 24an, 10:00etan hasita, maila guztietako hamar lasterketa ikusteko aukera izango da Mintxetan. Nazioarteko Atletismo Federazioak aldaketa batzuk egitera behartu ditu antolatzaileak. Hala, emakumezkoen lasterketa nagusia sekula baino luzeagoa izango da, lehen 6,6 kilometroko distantzia egiten baizuten korrika eta 7,6 kilometro izango ditu ibilbide berriak. Aldaketa horren ondorioz, gizonezkoen lasterketa nagusia ere hamar minutu beranduago hasiko da, 13:00etan beharrean 13:10ean. Ia 700 atleta batuko dira Mintxetan. ETB1ek, Teledeportek eta Galiziako telebistak (TVG) zuzenean emango dute krosa.

Etiopiarrak eta keniarrak faborito emakumezkoetan

Senior mailako emakumezkoen lasterketa “top” mailakoa izango dela ohartarazi du Zigor Diezek. Bere ustez, Netsanet Gudeta (Etiopia, 1991), Alemitu Heroye (Etiopia, 1994) eta Irene Chepet Cheptai keniarrek borroka polita eskaini dezakete. Gudetak brontzezko domina eskuratu zuen 2015eko Munduko Kros Txapelketan, Txinan. Herrikidearen atzetik, laugarren postuan, sailkatu zen lasterketa horretan Alemitu Heroye. Azken honek, gainera, ezagutzen du Mintxetako zirkuitua, 2014an txapeldunordea izan baizten Elgoibarren. 10.000 metro oztopoetan bigarren postuan dago mundu mailako sailkapenean. Chepet Cheptai 24 urteko atleta keniarra ere izana da aurrez Elgoibarren, 3. postua eskuratu baitzuen 2013. urtean. Etiopiar jatorriko Trihas Gebre euskal herritarrak estreinakoz hartuko du parte Mugertza krosean. Espainiako egungo txapelduna izateaz gainera 15. postuan sailkatzea lortu zuen iazko Munduko Kros Txapelketan. Ancuta Bobocel atleta errumaniarrak ere hartuko du parte –udaletxean egin duten aurkezpenean izan da afrikarrekin batera-. Krosean parte hartuko duen lehen atleta errumaniarra izan daitekeela esan du Diezek. Iaz bosgarren postuan sailkatu zen Hyeresen (Frantzia) jokatu zen Europako Kros Txapelketan. 

Tamirat Tola etiopiarra sasoi betean

Gizonezkoen lasterketa nagusian ere Afrikarrak izango dira faborito argiak, nola ez. Guztien artean, baina, Tamirat Tola azpimarratu behar da. Seigarren postuan sailkatu zen iaz Munduko Kros Txapelketan, eta bera da Elgoibarrera sasoikoen iritsi den atleta. Alcobendaseko krosa irabazi ostean, Sevillan jokatzen den Italicako kros prestigiotsuan gailendu zen, joan den domekan. Erakustaldia emanez gainera. IAAF egutegiaren barruan daude bi proba horiek. Iaz Teklemarian Medhinek (Eritrea, 1989) irabazi zuen Italicako krosa eta Elgoibarkoa gero. Asmo berarekin etorri da Tola. Italican hirugarren egin zuen Timothy Toroitich ugandarra izango du aurkarietako bat. Toroitichech badaki zer den Elgoibarren irabaztea, 2014ko proban nagusitu zen-eta. Urte bat lehenago, 2013an, irabazi zuen Mugertza krosa Conselsus Kipruto kenyar gazteak, 18 urte besterik zituela. Hau ere Elgoibarren da iada. Moses Kibet (Uganda, 1991) eta El Hassan Elabassi (Barhein, 1984) ere kontutan hartzeko atletak izango dira.

•Mamo Wolderen seme-alaben bisita

Mamo Wolde Gipuzkoa Sariaren 14. edizioa jokatuko da aurten eta junior mailako Europako atlletarik onentsuenek hartuko dute parte. Zigor Diezek esan duenez, Mamo Wolde “erreferente” bat izan da Mugertza krosarentzat eta aurten bisita berezi bat jasoko dute, Wolderen seme bat eta alaba bat etorriko baitirira Ameriketako Estatu Batuetatik Elgoibarrera. “Zapatuan egingo diegu ongi-etorria eta eskuak zabalik egingo diegu harrera”. Lotura oso estua izan zuen atleta etiopiarrak Mugertza krosarekin. Bere estreinako parte hartzean, 1963an, aro berri bat ireki zen Mugertza krosean. Batetik, Mugertza krosean parte hartu zuen estreinako atleta atzerritarra izan zen, eta, bestetik, Elgoibarren izena munduan zabaltzen lagundu zuen, sasoiko munduko atletarik onenetarikoa zen-eta. Mamo Woldek Elgoibarren lortu zuen lehen garaipenaren 50. urteurrena akorduan izan zuten 2012an. Mamo Wolde sarian Euskal Herriko, Espainiako, Ingalaterrako, Frantziako eta Italiako lasterkariek hartuko dute parte. Iaz nesken lasterketa irabazi zuen Celia Anton atleta espainiarra ere etorriko da Elgoibarrera. 

Eamonn Martini omenaldia

Eamonn Martin ingelesak ere lotura estua izan du Mugertzarekin, bai antxitxikari modura eta baita entrenatzaile modura ere. 1991n garaipena lortu zuenetik 25 urte bete direla-eta omenaldia egingo diote antolatzaileek, domekan, Mintxetan. Aurten, gainera, bi urtean etorri gabe egon eta gero, Britania Handiko atletak berriz itzuliko dira Elgoibarrera.

2016 01 19 mugertza aurkezpena atletak arkupe

2016 01 19 mugertza aurkezpena mahaian

2016 01 19 mugertza aurkezpena mahaian2

2016 01 19 mugertza krosa aurkezpena

2016 01 19 mugertza krosa aurkezpena1

2016 01 19 mugertza aurkezpena tamirat tola

2016 01 19 mugertza krosa aurkezpena kipruto Toroitich

 

Lotura duten albisteak: