Markakoa izan da aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoia

Barren.eus 2022ko eka. 1a, 14:01

Zegama-Aizkorri mendi maratoia marka guztiak hautsiz itzuli zen domekan. Lasterketaren historiako markarik onenak egin zituzten irabazleek, Kilian Jornet kataluniarrak eta Nienke Brinkman herbeheretarrak. Publiko aldetik ere, inoizko ediziorik jendetsuena izan dela azaldu dute antolatzaileek.

Marka guztiak hautsi diren urtean galdu du berea Maite Maiorak, 2017an proba irabazi zuenean mendaroarrak ezarri zuen errekorra (4:34:27) ondu baitu Nienke Brinkman herbeheretarrak. Aise ondu ere, Brinkmanek 17:44 minutu jaitsi baitu, 4.16.42ko denborarekin. Bigarren eta hirugarren egin zuten Maude Mathysek eta Sara Alonsok ere ondu zuten Maioraren marka. Beste horrenbeste esan daiteke gizonezkoen lasterketaz. Zegama-Aizkorri mendi maratoia hamargarrengoz irabazteaz gainera, Kilian Jornetek 8:28 minutuan ondu zuen Stian Angermund-Vik-ek (3:45:08) 2017an ezarri zuen errekorra. Jornetek 3.36.40ko denboran egin zuen 42,195 kilometro luze eta 5.472 metro metatu dituen ibilbidea. Baldintza egokietan jokatu zen aurtengo lasterketa eta horren erakusle da lasterkari askok ondu zituztela euren markak. Lau orduren azpitik 18 korrikalari helmugaratu ziren.

Elgoibartarrei dagokionez, Gorka De La Horrak eta Ioritz Condek hartu zuten parte. De La Horra sailkapen nagusiko 60. postuan sailkatu zen, 4.29:46ko denborarekin (Jornetengandik 53 minutura). Laugarrengoz lehiatu da Zegama-Aizkorrin eta bere marka pertsonala ontzetik 16 segundora gelditu da. 2017an 4:29:30an korritu zuen. Hala ere pozik dago. Urbiara arte erritmo bizian joan zela azaldu du, eta handik aurrera uste zuena baino pixka bat motelago. Ibilbidea "oso siku" zegoela nabarmendu du. "Basoan barrena egiten den hasierako zatian giro freskoa zegoen, baina beste leku batzuetan bero", azaldu du. Aurtengoa inoizko ediziorik jendetsuena izan dela azaldu dute antolatzaileek eta bat dator De La Horra: "Leku guztietan zegoen jende mordoa; sekula baino gehiago eta leku guztietan". Ioritz Conde, berriz, 150. postuan sailkatu zen 5.35:01eko denborarekin. (sailkapenak)

2022 06 01 zegama aizkorri gorka delahorra

2022 06 01 zegama aizkorri ioritz conde


 • Lendinez 12. postuan Zegamako Kilometro Bertikalean
VIII. Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikala jokatu zuten barikuan, eta espezialitateko munduko onenak lehiatu ziren. Denera 167 lasterkarik osatu zuten kilometro bertikala. Oriol Cardona kataluniarra eta Emelie Forsberg suediarra izan ziren azkarrenak. Cardonak 32:59 behar izan zituen Arriunditik Iraulera bitarteko zati kronometratua egiteko (3.000 metroko distantzia eta 1.015 metroko desnibela), eta 2017an Stian Angermund-Vik norvegiarrak zuen errekorra ondu zuen (34:55). Forsbergek 42 minutu eta 26 segundoko denborarekin irabazi zuen emakumezkoetan, Laura Orguek 2017tik duen errekorra hobetzerik lortu (41:40) ez zuen arren. Ainhoa Lendinezek 12. postua eskuratu zuen 48 minutu eta 34 segundoko denbora eginda (sailkapenak). Bere marka ontzea lortu du proba parte hartu duen bosgarren aldian. "Aste gogorra izan da. Txindokiko Kilometro Bertikala eta gero, beldurrez eta urduri nengoen Zegamako Kilometro Bertikalean maila emateko. Ostegunean ez parte hartzea ere pasatu zitzaidan burutik. Lagun batek esan zidan bezala, zaila da Zegama Aizkorri disfrutatzea. Baina inguruan maite zaituen jendea dago, zugan zuk baino gehiago sinesten duen jendea. Ateratzen zara, eta ondo zoaz, disfrutatzen ere bai. Eta helmugan, inoizko denbora onena. Harrigarria. Gaurkoa Zegama-Aizkorriko boluntario guztiei eskaini nahi diet. Bide osoan emandako babes eta maitasunarengatik. Zegama es Zegama", azaldu du.

2022 05 27 zegama km bertikala ainhoa lendinez 3ak

2022 06 02 ainhoa lendinez zegama km bertikala

2022 05 27 zegama km bertikala ainhoa lendinez makur

2022 05 27 zegama km bertikala ainhoa lendinez basoan b1