Haundik Iruña Okan jokatuko du Errege Koparako Hiruko Finala, eta taldea animatzera joateko autobusa antolatu du klubak

Barren.eus 2022ko mai. 31a, 14:25

Domekan jokatuko du Haundik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Errege Koparako sailkapen fasea, Arabako Iruña Oka herrian, eta taldea animatzera joan nahi dutenentzako autobusa antolatu du C.D. Elgoibarrek.

Haundik Dinamo San Juan (Bizkaia) eta San Viator (Araba) taldeak izango ditu aurkari Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Errege Koparako sailkapen fasean. Hiru taldeek jokatuko duten Hiruko Finala non jokatu behar zuten jakitea falta zen, eta argitu dira lekua eta ordua: Iruña Oka herriko Arrate futbol zelaian lehiatuko dira hiru taldeak domekan, ekainaren 5ean.

  • Haundik eta Dinamo San Juan taldeek hasiko dute txapelketa, 17:00etan, elkarren aurka 45 minutuko partida jokatuta (neurketa guztiak izango dira 45 minutukoak).
  • Lehen partidako galtzaileak San Viatorren aurka jokatuko du 18:00etan.
  • Lehen neurketako irabazleak, berriz, San Viator izango du aurkari, 19:00etan.

Irabazleak Espainiako Errege Kopan lehiatzeko sailkatzea lortuko du. Talde horrek maila berean diharduen aurkaria -Espainiako talde bat- izango du Errege Kopako lehen kanporaketan, baina kanporaketa hori gaindituz gero iritsiko litzateke sari potoloa: Espainiako Lehen Mailako talde baten (Europan lehiatuko ez direnak) aurka etxean jokatzea, partida bakarrera.

 • Autobusa eta partida ikusteko sarrerak
C.D. Elgoibarrek Haundi animatzera joateko autobusa antolatu du. Sigmako zubitik irtengo da autobusa, domekan, 15:00etan. Jokalari eta entrenatzaileentzako debalde izango da eta gainerakoentzako prezioa hiru eurokoa.
Era berean, futbol zelaira sartzeko sarrerarik kobratuko ez duten arren, estadiora sartzeko sarrera izatea beharrezkoa dela ohartarazi dute klubetik. Sarrerak nahi dituztenek 675 706 723 telefono zenbakira deitu edo idatzi beharko dute. Iruña Okara autobusez ala autoz joateko asmoa duten ere zehaztu beharko dute interesatuek. Ostiralean itxiko dute izen ematea, 13:00etan. Sarrera kopurua mugatua denez, izena emateko hurrenkera hartuko dute aintzat. Sarrerak autobusean bertan emango dizkiete autobusean doazenei. Aldiz, euren ibilgailuetan joango direntzako sarrerak zapatuan banatuko dituzte, C.D. Elgoibarrek Mintxetan dituen bulegoetan, 12:00etatik 13:00etara bitartean.

∞Lotura duten albisteak: