Olaizagako igerileku berrituan egin dute estreinakoz Igeriketa Eguna

Barren.eus 2022ko mai. 30a, 15:33

Igerian ibiltzeko leku handiagoa izan dute aurtengoan Igeriketa Egunean parte hartu zuten dozenaka lagunek.

Pandemiagatik bi urtez egin gabe egon ostean, joan den zapatuan egin zuten berriro ere Elgoibarko Igeriketa Taldeak antolatzen duen Igerikta Eguna. Igerilekuak handitu zituztenetik aurrenekoa izan da gainera. Txikienentzako jolasak prestatu zituzten igeriketa taldekoek, eta koskortuagoentzak hainbat proba antolatu zituzten.

Antolatzaileek "balorazio oso ona" egin dute. "Haur kopuru handiak hartu zuen parte, eta ikastetxeei eskerrak eman nahi dizkiegu, eskola-umeak parte hartzera animatzeagatik. Lehen aldiz antolatu dugu horrelako ekimen bat igerileku berrian eta primeran irten zen dena. Haurrek uretan gozatzeko aukera izan zuten", esan dute. Aurtengo Igeriketa Egunak sei eta hamalau urte bitarteko 150 umetik gora batu zituen, bi txandatan banatuta.
Igeriketa eskolako kideek erakustaldia eman zuten, estilo desberdinak menperatzeko egiten duten lana ezagutzera emateko. Gainerakoek 25 eta 50 metroko probetan parte hartzeko aukera izan zuten, "nahi zuten eran". Askorentzat lehendabiziko aldia izan zen arren, gustura ibili zirela azaldu dute Igeriketa taldeko arduradunek. Froga bakoitzaren ondoren igerileku zaharrean eta txikian jolasean aritzeko aukera izan zuten txikienek.

Argazkiak: J.R. Cabrera (breracid)

2022 05 28 igeriketa eguna olaizaga elgoibar irteera arg JR CABRERA

2022 05 28 igeriketa eguna olaizaga elgoibar 3 arg JR CABRERA

2022 05 28 igeriketa eguna olaizaga elgoibar goitik arg JR CABRERA

2022 05 28 igeriketa eguna olaizaga elgoibar danak arg JR CABRERA