Maite Maiora saritu dute Espainiako Atletismo Federazioaren urteroko galan

Barren.eus 2016ko urt. 18a, 16:12

2015. urteko atletarik onenak saritu zituen Espainiako Atletismo Federazioak, joan den zapatuan, Espainiako Batzorde Olinpikoak Madrilen duen egoitzan egin zuten galan. Maite Maiorak bi sari eskuratu zituen mendi lasterketen Munduko Trail Txapelketan lortutako zilarrezko eta brontzezko dominengatik.

Espainiako Atletismo Federazioak urteroko gala ospatu zuen zapatuan, Madrilgo Alfredo Goyeneche auditorioan. 2015ean nabarmendu diren ia 100 lagun, elkarte eta federazio saritu zituzten. Urteko atletarik onenaren saria Ruth Beitiak eta Miguel Angel Lopezek jaso zuten. Beitiak Diamond League txapelketa irabazi zuen altuera jauzian, eta Lopezek 20 kilometroko ibilketako proba iranazi zuen Pekingo Munduko Txapelketan. (ikus sarituen zerrenda – PDF).

Maite Maiora atleta mendaroarrak bi sari jaso zituen, biak ala biak Annecyn eginiko lanaren errekonozimendu modura. IAUk (International Association of Ultrarunners) elkarteak antolatutako Munduko V. Trail Txapelketa jokatu zen joan den maiatzaren amaieran Frantziako Annecy hirian, estreinakoz Nazioarteko Atletismo Federazioaren (IAAF) babesarekin. Espainiako selekzioak lehenengoz eraman zuen taldea txapelketara, eta lau lagunek osatu zuten emakumezkoen taldea: Maite Maiora, Uxue Fraile, Silvia Trigueros eta Teresa Nimes. Taldekako sailkapenean frantziarrak izan ziren irabazleak eta Espainiako selekzioak lortu zuen zilarrezko domina. Banakako sailkapenean, berriz, hirugarren postua eskuratu zuen Maiorak. Bi domina horiek irabazi izanaren errekonozimendua jaso du orain. 

•Reventon Trail probako irudia

2015 urte borobila eta arrakastaz betea izan da Maiorarentzat eta 2016a ere bide beretik hasi nahi du. Beste behin ere sorbaldan egin dioten operaziotik osatu da eta hasia da denboraldia prestatzen. Momentuz, baieztatu du El Pason (Kanariar uharteak) jokatuko den Reventon Trail proban parte hartuko duela. Apirilaren 9an izango da eta Espainiako Txapelketa jokoan egoteaz gainera, Munduko VI. Trail Txapelketan parte hartu ahal izateko proba puntuagarri bakarra izango da. Munduko txapelketa Portugalen jokatuko da urrian. Reventon Trail probako antolatzaileek gainera, Maite Maiora aukeratu dute probako iruditzat.

2015 05 30 maitemaioratmrmichelcottin