Josu Artola amezketarra gailendu da Urruzunon jokatu duten Enduro proban

Barren.eus 2022ko mai. 25a, 10:01

Euskadiko Enduro Txapelketako bigarren proba jokatu zuten domekan Urruzuno bailaran eta inguruko mendietan, eta Josu Artola amezketarra gailendu zen. Parte hartu zuten bi moto gidari elgoibartarrek emaitza onak lortu zituzten juniorretan.

Josu Artolak neurria hartua die Elgoibarko mendi bideei. Joan den azaroan Idotorben jokatu zuten Espainiako Hard Enduro Koparako proba puntuagarria irabazi zuen, eta oraingoan ere bera izan da onena estreinakoz Urruzuno bailaran egin duten Enduro lasterketan. Gidari amezketarrak 18 minutu eta 26 segondoan osatu zituen Urnobitza Kirol Klubak prestatutako zirkuituari eman beharreko hiru itzuliak. Manuel Santaolallak egin zuen bigarren (18:38.285) eta Alberto Aramburuk hirugarren (18:44.677). Euskadiko Enduro Txapelketako lehen probako irabazlea, Urko Garmendia, bosgarren postuan sailkatu zen Elgoibarkoan, baina lider jarraitzen du, 48 punturekin, Josu Artolak ez baitzuen parte hartu Bertizaranan jokatutako lehen proban. Joseba Urreisti dago sailkapen nagusiko bigarren postuan, 36 punturekin. Edonola ere, hasi besterik ez da egin Euskadiko txapelketa, zortzi probaz osatua baidago.

 • Elgoibartarrak aurrean Junior Trofeoan
Urnobitza taldeko bi moto gidari lehiatu ziren etxeko proban eta bikain moldatu ziren Igor Iriondo eta Eneko Sanz, Junior Trofeoko bigarren eta hirugarren postuak eskuratu baitzituzten, Paul Bravo irabazlearen (20:28.412) atzetik. Bravok 17 urte besterik ez dituen arren, etorkizun handiko gidaria dela laga zuen agerian. Igor Iriondok egin zuen bigarren (20:40.275) eta Eneko Sanzek hirugarren (21:03.430). Iriondo eta Sanz estreinakoz ari dira parte hartzen Euskadiko Enduro Txapelketan eta gidari hasiberriek egin ohi duten lez, Junior Trofeo mailan lehiatzen ari dira. Txapelketetan eskarmentu gabeko pilotuak lehiatzen dira kategoria horretan, eta hiru urteko esperientzia pilatu eta gero hasten dira lehiatzen irekian. Kategoria horretan, juniorren irekian, Axier Canflanca izan zen azkarrena Elgoibarren (20:23.421). Jakes Garbisok egin zuen bigarren (20:58.539) eta Unai Egiak hirugarren (22:32.683).
Senior Trofeo kategorian Manuel Urquijo gailendu zen (20:22.380), Xabier Iturzaeta sailkatu zen bigarren postuan (20:32.568) eta Borja Azcona hirugarren (20:59.567). Beteranoetan Valentin Padillak (20:59.030), Vicente Soldevillak (21:06.046) eta Iulen Gilek (21:30.459) osatu zuten podiuma.

 •  Igor Iriondoren balorazioa
Elgoibarko Enduroan izan zuen parte hartzearen berri emateko eskatu diogu Igor Iriondori. Hona bere bizipenak: "Oso ondo joan zen dena. Trabaren bat aipatzearren, bero larregi egiten zuela. Eta daramatzagun babesgarri guztiekin eta kaskoarekin arnasa hartzeko beharra igartzen nuen hainbat unetan, nik behintzat. Baina oso ondo sentitu nintzen etxeko lasterketan, are gehiago familiakoen animoak entzunda. Gozatu egin nuen, belarritik belarrirako irriparra nuela aurpegian. Eta horixe zen nire helburua, ondo pasatzea, parte hartu dudan bigarren lasterketa ofiziala izan baita Elgoibarkoa. Hori bai, azkenengo itzulian aita eta lagun batzuk hurbildu zitzaizkidan bigarren nindohala ohartaraztera. Ezustean harrapatu ninduen, ez nuelako espero. Azkenean, oso ondo pasatzeaz gainera, bigarren egin nuen. Ezin hobeto beraz".


 • Ikusleak eta antolatzaileak pozik
Urnobitza taldetik jakitera eman dutenez pozik daude Enduroak izan duen kokagune berriarekin eta ikusleek ere leku aproposa dela Urruzuno bailara esan dietela azaldu dute. "Jendea pozik zegoen aldaketarekin, bai zirkuituarekin eta baita aparkatzeko erraztasunekin ere. Taberna jartzeko aukera ere izan genuen Urruzunoko Elkartearen ondoan, eta giro polita sortu zen", esan dute.

*Argazkiak: Ane Galindo (Artebisuala)

2022 05 22 Enduro elgoibar Igor iriondo Arg ANE GALINDO artebisuala

2022 05 22 Enduro elgoibar Eneko sanz Arg ANE GALINDO artebisuala

2022 05 22 ENDURO elgoibar igor iriondo eneko sanz

2022 05 22 ENDURO elgoibar paul bravo igor iriondo

2022 05 22 Enduro elgoibar b1 Arg ANE GALINDO artebisuala

2022 05 22 Enduro elgoibar b2 Arg ANE GALINDO artebisuala