Haundik Dinamo San Juan eta San Viator izango ditu aurkari Errege Koparako sailkapen fasean

Barren.eus 2022ko mai. 24a, 12:53

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Errege Koparako sailkapen fasea jokatuko du Haundik ekaineko lehen asteburuan, eta argitu da ze talde izango dituen aurkari. Era berean, C.D. Elgoibarreko gizonen bigarren taldeak Erregional mailako finala jokatuko du Seguraren aurka; eta, infantilak txapeldunorde gelditu dira.

Ohorezko Erregional mailako txapeldunorde izateko aukerak eskuetatik ihes egin dio Haundiri Ligako azken jardunaldian. Pablo Turrillasek gidatutako taldeak bina berdindu zuen Zarautzekin Mintxetan, eta lortutako puntu hori batuta, 64 punturekin amaitu dute Ohorezko Erregional Mailako Liga txapelketa, hirugarren postuan. Izan ere, azken bi jardunaldietan aurrea hartu dio Eibar taldeak. Bost puntura zeuden eibartarrak sailkapenean, baina azkenaurreko jardunaldian elkarren aurka jokatu zuten Eibarren eta etxekoak gailendu ziren (3-0), eta horrez gainera liga garaipen batekin itxi dute armagiñek. Bi taldeek 64 punturekin amaitu dute txapelketa, baina sartutako eta jasotako golen aldeagatik izan dira txapeldunorde eibartarrak eta hirugarren postuan amaitu du Haundik.

Hala eta guztiz ere, Haundik jokatuko du bigarren sailkatuari dagokion Errege Kopan aritzeko sailkapen fasea, Eibarko taldea Bigarren Mailan diharduen taldearen filiala dela-eta. Ekaineko lehen asteburuan jokatuko dute, oraindik zehazteke dagoen lekuan. Haundik Dinamo San Juan (Bizkaia) eta San Viator (Araba) taldeak izango ditu aurkari Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Errege Koparako sailkapen fase horretan. Jardunaldi bakarrean jokatuko da. Talde bakoitzak beste bi taldeen aurka jokatuko du 45 minutuko partida bat, eta irabazleak Espainiako Errege Kopan lehiatzeko sailkatzea lortuko du. Talde horrek maila berean diharduen aurkaria -Espainiako talde bat- izango du Errege Kopako lehen kanporaketan, baina kanporaketa hori gaindituz gero iritsiko litzateke sari potoloa: Espainiako Lehen Mailako talde baten (Europan lehiatuko ez direnak) aurka etxean jokatzea, partida bakarrera.

2022 05 23 erregionala cd elgoibar

 • Gipuzkoako Kopako finala
C.D. Elgoibarreko gizonen bigarren taldeak Gizonezkoen Gorengo Mailara igotzea lortu zuen aurreko jardunaldian, matematikoki. Eta, orain, Gipuzkoako Kopako finala jokatzeko sailkatu da. Gipuzkoako hogei talde lehiatu dira Gorengo Mailarako igoera fasean, bi multzotan banatuta, eta multzo bakoitzeko lehen sailkatuek jokatuko dute finala. Elgoibarko taldeak azken jardunaldian eskuratu du bere multzoko lehen postua. Touring liderrarren etxean jokatu zuten elgoibartarrek azken partida, Orereta-Errenterian. Partida zoroa izan zen, amaitzeko hamar minuturen faltan 3-1 irabazten ari baitziren etxekoak, baina azken zortzi minutuetan hiru gol sartu zituen Elgoibarrek eta markagailua iraultzeaz gainera, sailkapen nagusian ere aurrea hartu zion Touring-i. Orain, beste multzoan lehen postua lortu duten Segura Goierriren aurka jokatuko dute Gipuzkoako Kopako finala, erregional mailako talderik onena zein den erabakitzeko. Zapatuan jokatuko dute finala, Tolosako Usabal futbol zelaian.

 • Infantilak txapeldunorde
Lehen Mailako infantil mailan diharduen C.D. Elgoibarreko Infantil Gorria taldeak txapeldunen fasea jokatu zuen aurreko asteburuan, eta txapeldunorde gelditu dira. Zapatuan jokatu zuten finalerdietako kanporaketan 1-4 irabazi zioten Orioko taldeari, Orion jokatutako partidan. Finala domekan jokatu zuten, Deban, eta 2-1 galdu zuten Azkoitiko Anaitasuna taldearen aurka.

2022 05 21 infantil gorri CD elgoibar

2022 05 21 cd elgoibar infantil gorri txapeldunorde jon basurtogaz deban arg GFF