Eneko Ortegak hirugarren egin zuen Amurrioko Sari Nagusia txirrindulari lasterketan

Barren.eus 2022ko mai. 23a, 14:12

Joan den asteburuan ere kilometro mordoa pilatu dituzte Elgoibarko Lagun Taldeako txirrindulariek zein autoek. Araban, Nafarroan eta Gipuzkoan jokatu dituzten lasterketetan hartu dute parte.

Txirrindulari elgoibartarrek Arabako errepideetan hasi zuten asteburua, Eneko Ortegak eta Aritz Esnaolak Amurrioko Sari Nagusiaren V. edizioan lehiatu baitziren zapatuan, junior kategoriako Euskal Herria txapelketako proban. Txirrindulariek bost itzuli egin zituzten Saraube eta Larrinbeko mendateetan barrena, eta Lizarte taldeko Iñaki Ordoki izan zen azkarrena (2:21:49). Bakarrik helmugaratu zen. Tamirat Navarro (Eleyco-Iturribero) eta Eneko Ortega (Besa Laboral Kutxa) elkarrekin ailegatu ziren helmugara, baina Navarro izan zen azkarragoa esprintean, eta irabazlearengandik 44 eta 46 segundora sartu ziren helmugan Navarro eta Ortega. Hala, podiumeko hirugarren koskara igo zen txirrindulari elgoibartarra (ikus lasterketako laburpen-bideoa). Duela gutxi 46. Lazkaomendiko txirrindulari probako podiumera ere igo zen Ortega.

Domekan Nafarroako Obanos herrian jokatu zuten lasterketan lehiatu zen Ortega, eta hor ere nabarmendu zen, seigarren postuan sailkatu baitzen.
Lagun Taldeako txirrindulari gaztetxoenek Azkoitiko proban hartu zuten parte zapatuan, Antton Oñederraren Omenezko III. Lasterketan, hain zuzen ere. Benjamin, alebin eta infantil mailatako ehun neska-mutil batu zituen probak, tartean Elgoibartik joandakoak. "Guztiek pasa zuten ondo, eta gainera Aroa Saezek bigarren egin zuen nesken infantil mailan, eta Paul Mendikutek laugarren egin zuen alebinetan", azaldu dute txirrindulari eskolako arduradunek (Azkoitin jokatutako probako argazkiak maxixatzen.eus-en). Domeka arratsaldean, berriz, Arroa Behean jokatu zuten Arroa Saria proban aritu ziren kadeteak.

2022 05 21 azkoitia lasterketa elgoibar lagun taldea