Xabier Loiolak hirugarren egin du Eibarren jokatutako bola-joko tiraldian

Barren.eus 2022ko mai. 19a, 11:27

Asola Berri bolatokian jokatutako 51. Gipuzkoako hiru-txirlo txapelketaren zazpigarren jardunaldian etxean gelditu zen garaipena, Asola Berriko Bittor Ugarteburu gailendu baitzen.

Tiraldiko irabazle Bittor Ugarteburuk Elgetako Iker Arizmendiarrietarekin berdindu zuen, sei txirlo botata, eta atzetik izan zituen San Miguel taldeko Xabier Loiola elgoibartarra eta Azkoitiko Floreaga taldeko Santos Muñoz, launa txirlorekin. Guztira 65 bolarik hartu zuten parte.

Zazpi jardunaldi jokatu eta gero, San Migel A taldea dago taldekako sailkapen nagusiko lehen postuan, 80 txirloekin. Floreaga dago bigarren, 64 txirlo botata. Bakarkako sailkapenean, Asola Berriko Garikoitz Rodriguez dago lidergoan, 23 txirlorekin. Xabier Loiola da sailkapeneko lehen elgoibartarra. Laugarren postuan dago, orain arteko jaurtialdietan 19 txirlo botata. Generokako sailkapenean Aitziber Olaizola (San Migel) dago lehen postuan, 15 txirlorekin, bigarrengoa den Esther Guenagak baino hiru gehiago.

Zortzigarren jardunaldia Aretxabaletan jokatuko da zapatuan, hilak 21, 17:00etan.