Mugertza krosak izango duen kategoriaren araberako diru-laguntzak jasoko ditu datozen lau urteetan

Barren.eus 2016ko urt. 15a, 14:58

Duela lau urte egin zuten moduan, beste lau urterako hitzarmena adostu dute Mintxeta Atletismo Taldeak eta Elgoibarko Udalak, Mugertza krosa eta atletismo taldeak antolatzen dituen beste hainbat ekimen diruz laguntzeko.

Elgoibarko Udalak azken lau urteetan indarrean egon den lau urterako hitzarmenean jasotakoa baino diru-laguntza handiagoa emango dio Mintxeta Atletismo Taldeari. 22.000 euro jaso dituzte urteko azken lau urteetan. Orain, berriz, 2016, 2017, 2018 eta 2019 urteetarako hitzarmena adostu dute. Diru-laguntzaren zenbatekoa Juan Mugertza krosak urte bakoitzean izango duen mailari lotuta egongo da. Hala, Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) kros lasterketen egutegian sartzen duen urteetan 30.000 euroko laguntza jasoko du Mintxetak. Iaz estreinakoz lortu zuen kategoria hori Elgoibarko krosak eta aurten ere eutsiko dio mailari, baina datorren urtean esaterako ez du maila hori izango. Hala, Europako Atletismo Federazioak (EAA) bere egutegian sartzen duen urteetan 28.000 euroko laguntza jasoko du, eta azkenik, Espainiako Kros Federazioak (RFEA) antolatutako krosen egutegian sartzen badute, 25.000 euroko diru-laguntza izango luke. 

•Mugertza krosa baino gehiago

Mugertza krosaz gainera ekintza gehiago ere antolatzen ditu Mintxeta atletismo taldeak urtean zehar, eta horiek antolatu ahal izateko ere handitu du diru partida Udal Kirol Patronatuak. Gau krosa eta San Silbestre lasterketa antolatzen ditu Mintxetak, eta Korrikedada egitasmoa ere eurek kudeatzen dute. Eta, noski, atleta gaztekin egiten duten lana ere hor dago. 

Hurrengo urterako aurrekontuak onartzeke daudela-eta, hitzarmena sinatzeke dago oraindik, alabaina bi aldeak akordio batera iritsi direla azaldu du Elgoibarko alkate Ane Beitiak. Era berean, lau urterako akordio honekin Mintxeta Atletismo Taldeak herriarentzat egiten duen lana “errekonozitu” nahi dutela esan du alkateak gaur eguerdian egin duten prentsaurreko agerraldian. Mintxeta taldeko Zigor Diezek eskerrak eman dizkio Udalari emandako laguntza eta babesagatik eta eurek dauden bitartean krosak jarraituko duela esan du. Poliki bada ere, antolatzaileen taldea berrizten dihardutela ere gaineratu du. “Krosa eta gainerako ekintzak antolatzen urte guztirako lana izaten dugu eta beharrezkoa da taldera jende berria batzea, ahal bada gazteak". 

2016 01 15 mintxeta udala akordioa