Aroa Saez Elgoibarko Lagun Taldeako infantila eta mutilen alebin taldea garaile Gipuzkoako erlojupeko txapelketan

Barren.eus 2022ko mai. 15a, 08:07

Gutxienez hiru eta gehienez bost laguneko taldeak osatu behar zituzten klubek erlojupekorako, eta ekipo bakoitzeko hirugarrenak markatzen zuen helmugan denbora. Elgoibarko Lagun Taldeako Aroa Saezek Zarauzko eta Donostiako taldeetako bi neskarekin osatu zuen taldea eta eurena izan zen denborarik onena infantil nesketan. Alebin mutiletan, berriz, Enaitz Iraolagoitia, Danel Garaizabal, Paul Mendikute, Eneko Lameiras eta Luken Zulaikak osatu zuten Elgoibarko taldea eta garaipena eskuratu zuten.

2022 05 14 Gipuzkoako txapelketa erlojupekoa alebinak

Denetarik izan zuen, baina, zapatuko saioak. Mutiletan, bost txanda jokatu zituzten, eta nesketan, bat, baina uste baino gehiago luzatu ziren lasterketak, txanda bakoitzaren ondoren errepidea ere zabaldu behar izaten zutelako antolatzaileek tarte batez, eta ekaitza ere izan zelako tartean. Azkenean, 19:30ak pasatxoan bertan behera utzi behar izan zuten lasterketa, infantilen txanda guztiak jokatu gabe. Ordura arteko baimena eskatua zuten antolatzaileek eta ertzainek ez zuten luzatzeko baimenik eman. Une horretan ziren irtetekoak Elgoibarko Lagun Taldeako infantil mutilak (Beheko argazkiko bostak). Talde guztiek parte hartzerik izan ez zutenez, baliorik gabe utzi zituzten ordura arte jokatutako infantil mutilen lasterketak.

2022 05 14 Gipuzkoako txapelketa erlojupekoa infantilak

2022 05 14 Gipuzkoako txapelketa erlojupekoa alebinak saria

2022 05 14 Gipuzkoako txapelketa erlojupekoa alebinak1

2022 05 14 Gipuzkoako txapelketa erlojupekoa alebinak irteera