Alcortak galdu egin du lehen partida eta aldapa gora jarri zaio igoera lortzeko helburua

Barren.eus 2022ko mai. 13a, 20:40

Sanloko zaleek harmailetan sekulako giroa sortu duten arren, zaleen babesa ez da nahikoa izan Alcorta taldearentzat, eta porrot batekin hasi du Lehen Nazional Mailara igotzeko fasea.

Alcorta Forging Groupe eskubaloi taldeak 11-17 galdu du Fundació Handbol Sant Vicenç Kataluniako taldearen aurka, gaur iluntzean jokatu duen neurketa, igoera fasean jokatu duen aurrenekoa. Hala, Lehen Nazional Mailarako igoera aldapa gora jarri zaio. Horrelako txapelketa motzetan berebiziko garrantzia izaten du lehen partidak, galduz gero, gainerako taldeen emaitzen menpean geratzea baidakar. Jokalariek, baina, ohikoa baino zama handiagoa izaten dute sorbalden gainean, eta zaila izaten da norberak daukan mailarik onenean aritzea. Sant Vicenç taldeak estu hartu du Alcorta defentsan eta gol aukera garbi gutxi izan dituzte etxekoek. Ahalegin handia eginda sartu dituzte egin dituzten ia gol guztiak, eta hamaika golekin konformatu behar izan dute. Sant Vicenc taldeko atezainak ere zeresan handia izan du horren gol gutxi jasotzeko. Aldiz, kataluniarrak askeago ibili dira erasoan eta, kanpotik ikusita, esfortzu gutxiagorekin edo energia gutxiago gastatuz egin dituzte zenbait gol, markagailuan abantaila handitzeko baliatu dituztenak.

Alcortak ez du zaleek emaniko babesaren aitzakiarik. Harmailak gainezka zirela jokatu dute partida, eta zale txuri-gorriek uneoro eta amaierara arte animatu dute Sanloko taldea. Kataluniarrek ere izan dute zaleen babesa; gutxi, baina zaratatsuak. Sant Vicençeko jokalariek zein zaleek igoera lortu izan balute moduan ospatu dute gaurko garaipena, jakin baidakite aurrerapauso handia eman dutela igoera lorzeko helburuan.Guztiz kontrakoa esan daiteke etxeko taldeaz. Golpe handia jaso dute Alcortako jokalariek, eta atsekabea nabari zitzaien. Oraindik bi jardunaldi gelditzen dira eta ikusteko dago nork lortuko duen igoera.
Gaur arratsaldean jokatu duten igoera faseko lehen neurketan, B.M. Loyola talde nafarrak 33-21 irabazi dio Errioxako Gourmet del Mar Calasancio taldeari.
Zapatuko jardunaldia gaur garaipena lortu duten bi taldeen arteko lehiarekin hasiko da, Loyola eta San Vincenc taldeen arteko partidarekin alegia, 17:30ean. Alcortak 19:30ean jokatuko du Calasancioren aurkako partida.

Domekan, 10:00etan jokatuko da aurreneko partida (San Vincenc Vs Calasancio) eta Alcortak 12:00etan jokatuko du Loyolaren aurkako partida.

2022 05 13 alcorta FG vs sain vicent igoera fasea 1 hegaletik BARREN

2022 05 13 alcorta FG vs sain vicent igoera fasea 1 zaleak BARREN

∞Lotura duten albisteak: