June Loidik liga irabazi du Bera Berarekin

Barren.eus 2022ko mai. 11a, 13:28

June Loidi Etxaniz elgoibartarra jokalari duen Donostiako Super Amara Bera Bera eskubaloi taldeak bere historiako zortzigarren liga txapelketa irabazi du, hirugarrena jarraian, denboraldia amaitzeko hiru jardunaldi falta direnean.

Horrela, Donostiako maila goreneko eskubaloi taldeak historia egiten jarraitzen du, eta historia horren parte da orain denboraldi honetan taldera batu den Loidi. Defentsako lanean taldeko zutabeetako bat izan da 22 urteko hegaleko jokalaria, taldeko gazteena den arren. Sanlok lagata Zuazora joan zen Loidi, eta Barakaldoko taldean hiru urte egin ostean, Bera Berak fitxatu zuen denboraldia hasi aurretik.

Donostiako taldeak joan den domekan eskuratu zuen Espainiako Ohorezko Mailako liga tituloa, Gijonen (Espainia), Unicaja Banco de Gijon taldeari 22-35 irabazita. June Loidik gol bat sartu zuen penaltiz. Bera Berak nagusitasunez irabazi du Guerreras Iberdrola Liga, jokatutako 23 partidetatik 21 irabazita. Hala, Kopa txapelketako arantza atera dute, etxean (Illunben) jokatu arren ezin izan baitzuten finalera ere ailegatu, finalerdietako lehian Guardes taldearen aurka galdu baitzuten.
Bera Berak zapatuan ospatuko du Ligako tituloa, Gascan jokatuko duten Morvedre taldearen partidan.

2022 05 11 bera bera txapeldunak liga

∞Lotura duten albisteak: