Morkaikoren Eguna egingo dute zapatuan, hamargarrengoz

Barren.eus 2022ko mai. 11a, 13:10

Elgoibarko Mendi Itzulia, Itzulitxoa eta Finalista Eguna egun berean batu zituen Morkaiko mendi taldeak 2011. urtean, Morkaikoren Eguna izenarekin. Bi urteko etenaren ostean, hamargarrengoa izango da aurtengoa. Zapatu honetan (maiatzak 14) egingo dute. Morkaikotik egin behar izan dituzten zenbait moldaketen berri ere eman dute.

Dagoeneko ia 500 lagunek eman dute izena Elgoibarko Mendi Itzulirako eta Itzulitxorako: 325 lagunek lehengorako eta 170ek bigarrengorako

Elgoibarko Itzulikoak 6:00etan irtengo dira Kalegoen plazatik, eta 39 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute herria inguratzen duten mendiak igo eta jaitsiz. Guztira, 2.000 metro inguruko desnibel positiboa gainditu beharko dute. Itzulia 10 ordutan egiteko taldea osatuko dute irteeran.

Umeek, berriz, Itzulitxoan parte hartzeko aukera izango dute. 9:00etan irtengo dira Kalegoen plazatik, eta 10:00etan, Idotorbetik. Bigarren aukera hori aukeratzen dutenei ibilgailua Idotorben aparkatzeko eskatu diete antolatzaileek eta ez Aubixa inguruko errepide bazterrean. Itzulitxoko partaideek Aiastiako anoa postuan berrituko dituzte indarrak, 12:00etan, denak elkarrekin herrira jaitsi aurretik.

Finalista Eguneko dominak banatzeko ekitaldia 13:30ean egingo dute Kalegoen plazan. Aurten bazkaririk ez egitea erabaki dute antolatzaileek, eta ildo beretik, anoa postuean ur botila txikirik ez dela egongo jakinarazi dute. "Parte hartzaileei aurrez emango diegun edalontzietan banatuko diegu ura. Beraz, Itzuliko zein Itzulitxoko partaideek eurekin eraman beharko dute edalontzi hori ibilbide osoan", azaldu dute.

Itzulia eta itzulitxoa egiteko beharrezkoa da izena ematea, eta kirolprobak-en webgunearen bitartez bakarrik egin daiteke. Informazio osoa hemen: morkaiko.eus

 2022 05 11 morkaikoren eguna Kalamua 2019 BARREN

•Morkaikoren Eguneko argazkiak eta bideoak

•Mendi Itzuliko argazkiak eta bideoak