Haundik Errege Kopan aritzeko sailkapen fasea jokatuko du

Barren.eus 2022ko mai. 11a, 10:07

Liga bukatzeko bi jardunaldiren faltan lortu du Touring futbol taldeak Hirugarren Mailarako igoera, jokoan zegoen sari nagusia. Haundik txapeldunorde geratzeko aukera handiak dituen arren, igoerarik gabe geldituko da, baina ez saririk gabe, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Errege Koparako sailkapen fasea jokatuko baitu.

Denboraldi honetan talde bakarra igo zitekeen mailaz gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailan, eta Errenteriako Touring taldeak eskuratu du, denboraldi aparta egin eta gero. Liga bukatzeko bi jardunaldiren faltan lortu dute igoera, matematikoki, eta 23 urteren ondoren 3. mailara itzuliko dira. Touring-ek 71 puntu ditu sailkapenean, Haundik (63) baino 8 gehiago eta Eibarrek (58) baino 13 gehiago.

Errenteriarrek denboraldi osoan eman duten maila eta eduki duten erregulartasuna ikusita, C.D. Elgoibarreko arduradunek bazekiten igoera lortzea garesti zegoela, baina beste motibazio bat izan dute pizgarri azken jardunaldietan: txapeldunorde geratzea. Izan ere, bigarren sailkatuak hurrengo denboraldian Errege Kopan aritzeko sailkapen fasea jokatuko du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako talde banak jokatuko dute hiruko txapelketa, ekainaren 4an. Oraindik zehazteke daude lekua eta aurkariak. Esan moduan, Liga txapelketa ez da oraindik amaitu. Haundik derbia jokatuko du Eibarren, azkenaurreko jardunaldian. Ligako azken partidan, berriz, Zarautz izango dute aurkari Mintxetan. Pablo Turrillasek entrenatutako taldeak berdinketa bat behar du bigarren postua ziurtatzeko. Eibarrek bakarrik ken dezaioke bigarren postua Haundiri, baina hala eta guztiz ere, Haundik jokatuko du Errege Kopan aritzeko sailkapen fasea, Eibarko taldea Bigarren Mailan diharduen taldearen filiala dela-eta.

Ekainaren 4an jokatzekoa den fasea gainditzen duen taldeak Espainiako Errege Kopan lehiatzeko sailkatzea lortuko du. Talde horrek maila berean diharduen aurkaria -Espainiako talde bat- izango du Errege Kopako lehen kanporaketan, baina kanporaketa hori gaindituz gero iritsiko litzateke sari potoloa: Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka etxean jokatzea, partida bakarrera.
Hortaz, laburbilduz, Haundik Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka Errege Kopako kanporaketa jokatu dezake Mintxetan, aurrez sailkapen fasea eta kanporaketa bat gainditzen baditu.

2022 05 11 haundi vs touring mintxeta elgoibar barren urtarrila

∞Lotura duten albisteak: