Mugertza krosari buruzko marrazki eta argazki lehiaketak antolatu dituzte

Barren.eus 2016ko urt. 12a, 20:11

Mugertza krosari buruzko argazki lehiaketa antolatu zuen iaz, estreinakoz, Mintxeta atletismo taldeak. Aurten ere antolatu dute bigarrengoz, baina ez hori bakarrik, Mugertza krosaren estreinako marrazki lehiaketa ere antolatu baitute, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako.

Mintxeta atletismo taldeak eta Elgoibarko Udaleko Haur eta Gazteen Sustapen Sailak antolatu du Mugertza krosari buruzko lehen marrazki lehiaketa. Urtarrilaren 24an jokatuko den 73. Juan Mugertza Nazioarteko krosa, herria eta lasterketaren arteko harremana gai hartuta DIN A3 formatuan aurkeztu behar dira lanak urtarrilaren 15erako. Partaide bakoitzak lan bat aurkeztu ahal izango du, eta hiru maila izango ditu lehiaketak: Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoentzat, 3. eta 4. mailakoentzat eta 5. eta 6. mailakoentzat. Maila bakoitzean bi sari izango dira eta lanak Gazteria Sailean entregatu behar dira. (Ikus hemen lehiaketaren oinarriak - PDF)

•Bigarren argazki lehiaketa
2016 01 12 mugertza krosa kartela1Mugertza krosari buruzko bigarren argazki lehiaketa ere antolatu du Mintxetak, Tantaka tabernaren laguntzarekin. Iaz Felix Morquecho argazkilari eibartarrak lortu zuen lehen saria (200 euro), Polat Kemboi Arikan bigarren sailkatuari ateratako argazki batekin. Mintxetakoek argazki hori bera aukeratu dute, hain justu ere, aurtengo koseko kartela osatzeko. Vicente Guinea elgoibartarrak irabazi zuen lehiaketako bigarren saria, eta Miguel Castrok, berriz, herritarren saria. Aurten, Nerabeen Saria ere egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Leihaketara aurkezten dituzten argazkiak Tantaka tabernan jarriko dituzte ikusgai eta herritarrek argazki gustukoena aukeratzeko modua izango dute euren botoen bidez.
Aldaketak lasterketen ordutegian eta distantzietan
Mugertza krosa Nazioarteko Atletismo Federazioaren (IAAF) egutegiko kros lasterketen munduko elitearen barruan egon da azken bi urteetan. Elite horretan beste zazpi kros baino ez daude. Dena dela, egoera horrek aldaketa batzuk egitera behartzen ditu kroseko arduradunak. Hala, esate baterako, emakumeen lasterketa nagusian inoiz baino metro gehiago korrituko beharko dituzte aurten, 7.621 metro osotara, Gizonezkoen lasterketa nagusia ere ez da betiko orduan hasiko, 13:00etan, alegia, 13:10ean baizik.