Udako Kirol Campuserako izen ematea zabalik dago

Barren.eus 2022ko api. 28a, 09:31

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak Udako Kirol Campusa antolatu du uda sasoirako, 7 eta 15 urte bitarteko haurrei zuzenduta (2007-2015 urte bitartean jaiotakoak).

Izena emateko epea maiatzaren 28ra artekoa izango da, eta interesdunek Olaizaga kiroldegian bertan edo olaizagaharrera@hotmail.es posta elektronikora idatziz eman ahal izango dute izena. Patronatuko bazkideek 106,20 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek 116,50 euro.

Ekainaren 27tik uztailaren 22ra, astelehenetik ostiralera, goizeko 9:30etik 12:30era, hainbat kirol (eskalada, atletismoa, mendi bizikleta, orientazioa, futbola, eskubaloia, herri kirolak, frontoiko jolasak, mendizaletasuna, patinajea, padela, tenisa, Mintxetako igerilekuak, ur jolasak, zumba, e.a.) egiteko aukera izango dute 2011 eta 2015 urteen bitartean (biak barne) jaiotako haurrek. 2007-2010 urteen bitartean jaiotako gazteek, berriz, Goi Mailako Kirol Udalekuetan maila handiagoko kirola egiteko aukera izango dute. 
Aipaturiko kirolak egiteko Olaizaga eta IMH kiroldegiak, Mintxetako kirol instalazioak, igerilekuak, Ikastolako Frontoia eta herriko beste hainbat gune erabiliko dituzte.

 • Aukeran, egun osagarriak
Udal Kirol Patronatuak kontutan izan du Elgoibar Ikastolako eskola-umeek ekainaren 17an eta Herri Eskolakoek ekainaren 21ean hartzen dituztela oporrak. Hori dela eta, ekainaren 20ko astean, Kirol Udalekuen egun osagarriak eskainiko ditu: 
Lehenengo aukera aste osokoa, bost egunekoa, ekainaren 20tik 24ra izango da. Bazkideek 25 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek 29 euro.
Bigarren aukera hiru egunekoa izango da: ekainaren 22, 23 eta 24. Bazkideek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek 17 euro.

2022 04 28 kirol campusa uda elgoibar

∞Lotura duten albisteak: