Maddi Goñik eta Nora Rodriguezek brontzezko domina lortu dute Espainiako Eskubaloi Txapelketan

Barren.eus 2016ko urt. 11a, 15:49

Infantil, kadete eta jubenil mailako Espainiako Eskubaloi Txapelketa jokatu dute Almerian (Espainia), urtarrilaren 3tik 8ra bitartean. Elgoibarko Sanlo kirol-taldeko zazpi jokalarik Euskadiko selekzio desberdinak ordezkatu dituzte txapelketa horretan. Horien artean, Maddi Goñi eta Nora Rodriguez jokalari elgoibartarrek brontzezko domina lortu dute infantil mailan.

Kataluniako eta Madrilgo selekzioak izan dira nagusi Almerian jokatu den Espainiako Eskubaloi Txapelketan. Urrezko bi domina eta zilarrezko hiru irabazi dituzte kataluniarrek eta urrezko bi domina eta zilarrezko beste bi madrildarrek. Euskadiko selekzioa seigarren postuan sailkatu da infantil mailako neskek lortutako brontzezko dominari esker. Talde horretan jokatu dute, hain zuzen ere, Nora Rodriguez eta Maddi Goñi elgoibartarrek. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko azken partidan 18-12 irabazi zioten Asturiaseko selekzioari. Andaluziak eta Valentziak jokatu zuten finala eta etxeko taldeak lortu zuen garaipena, 19-21eko emaitzarekin. 

2016 01 08 sanlokoak euskadiko selek

Julen Urruzola, June Loidi, Eneko Rubio, Oscar Gonzalez, Asier Urain eta Maria Balzategi izan dira Euskadiko selekzioarekin aritu diren Sanloko gainerako jokalariak. Asier Urain eta Oscar Gonzalez kadete mailako Euskadiko selekzioarekin aritu ziren, eta 11.postuan sailkatu ziren. Julen Urruzolak zazpigarren postua eskuratu zuen infantil mailan eta seigarren postuan sailkatu zen June Loidi kadete mailako selekzioarekin. Eneko Rubiok jubenil mutilen selekzioan jokatu zuen eta seigarren postuan sailkatu ziren hauek ere. Azkenik, Maria Balzategik bosgarren postua lortu zuen jubenilekin. 

Jokalariez gainera, Angel Lopez fisioterapeuta elgoibartarra ere izan da Almerian euskal selekziorekin. (txapelketari buruzko informazio osoagoa www.andaluciaesbalonmano.com web gunean)