Mailari eustea lortu du Gaurvek eta Zilarrezko Ohorezko mailan jarraituko du

Barren.eus 2022ko mar. 28a, 15:06

Mailari eustea ziurtatzeko garaipen bat behar zuen Gaurve Asesores eskubaloi taldeak, eta zapatuan eskuratu zuen. Senior gizonezkoen Alcorta Forging Group taldeak, berriz, igoera lortzeko partida erabakigarria jokatuko du zapatuan, Olaizagan, Aloña Mendiren aurka.

Iaz Liga amaitzeko jardunaldi baten faltan lortu zuten salbazioa bi jardunaldiren faltan iritsi da aurten. Gaurvek azken sailkatuaren aurka jokatu zuen zapatuan Olaizagan, eta Sanlokoak nagusitasunez gailendu ziren. Etxeko taldeak 23 eta 15 irabazi zion B.M. Loyola Iruñeako taldeari. Garaipenagatik lortutako bi puntuak batuta, 16 puntu ditu orain Gaurvek sailkapenean (10. postuan daude), eta jaitsiera postuen mamua uxatu ostean, lasaitasun gehiagorekin jokatu ahal izango dituzte ligako azken bi partidak. Hurrengo jardunaldian Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia) jokatuko du Gaurvek, azkenaurreko postuan dagoen Loizaga Construcciones taldearen aurka. Ligako azken partida, berriz, Lauko Ermuko Errotaberriren aurka jokatuko dute, apirilaren 9an.

 • Igoerarako kanporaketak jokoan
Igoera faseko bigarren postuan sailkatuta dagoen Alcorta Forging Group taldeak hirugarren postuan dagoen Oñatiko Aloña Mendi taldearen aurka jokatuko du datorren zapatuan, apirilaren 2an, Olaizaga kiroldegian (19:30). Igoera fasea bukatzeko bi jardunaldiren faltan, Alcortak 10 puntu ditu sailkapenean eta bederatzi Aloñak. Hortaz, garaipena eskuratuz gero, igoerako kanporaketak jokatzeko zuzeneko txartela eskuratuko luke Alcortak, matematikoki. Horregatik, klubetik dei egin diete zaleei, Olaizagako harmailak bete eta taldea animatzeko.

∞Lotura duten albisteak: