Berritze lanak amaituta, sei ibilbide berri ditu Olaizagako rokodromoak

Barren.eus 2022ko mar. 23a, 16:05

Amaitu dituzte Olaizaga Kiroldegiko rokodromoa berritu eta egokitzeko lanak. Era berean, eskalada ikastaroak eskainiko ditu Udal Kirol Patronatuak apiriletik aurrera, eta probarako egun bat ere antolatu dute.

Era honetako lanetan espezializatutako Sector Vertical enpresak egin ditu Rokodromoa berritzeko lanak, eta 8.000 euroko aurrekontua izan dute lanok gauzatzeko, BEZ barne.

 • Sei bide, koloreztatuak
Eskalatzaileek sei ibilbide berri dituzte orain aukeran. Rokodromoko horma bertikalean elkarretaratzeko 12 pieza berri jarri dituzte, 50 zinta finko, ainguraketa-txapa guztiak ordezkatu dituzte eta eskaladan hasteko hiru ibilbide berri prestatu. Bide bakoitzak kolore ezberdina du, eta 150 presa berrirekin hornitu dute rokodromoa: berdea, hasiera mailako bide erraza bertikalean; horia, hasiera mailakoa inklinazioarekin; eta gorria, hasiera mailako bide erraza presa handiagoekin eta inklinazioan presa kamutsekin.
Norberak aseguratzeko gailua ere instalatu dute.

 • Eskalada ikastaroak, apiriletik aurrera
Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eskalada ikastaroak antolatu ditu. Apiriletik aurrera emango dituzte ikastaroak, baina aurrez probatzeko egun bat ere antolatu dute. Martxoaren 29an, martitzena, izango da proba egun hori. 17:00etatik aurrera egingo dute Olaizagako rokodromoan. Ikastaroei dagokionez, astean bi saio izango dira: astelehenak eta asteazkenak, astearteak eta ostegunak edo asteazkenak eta ostiralak. Taldea osatzeko gutxieneko kopurua sei lagunekoa izango da. Gehienez bederatzi pertsona talde bakoitzean. 5 eta 16 urte bitarteko patronatuko bazkideek 33,25 euro (38,25 euro gainerakoek) ordaindu beharko dituzte parte hartzeko. 16 urtetik gorako bazkideentzako prezioa 37,25 eurokoa (48 euro gainerakoek) izango da. Martxoaren 28ra bitartean eman daiteke izena. Informazio osoagoa kirodegiko harreran, olaizagaharrera@hotmail.es helbide elektronikora idatzita edota 943 744 415 telefono zenbakira deituta.

2022 03 23 rokodromoa berrituta olaizaga elgoibar b1

2022 03 23 rokodromoa berrituta olaizaga elgoibar b2

2022 03 23 rokodromoa berrituta olaizaga elgoibar autosegurua