Ider Borya frantziar gaztea gailendu da Elgoibarko Nazioarteko Xake Txapelketan

Barren.eus 2015ko abe. 20a, 10:38

Jokatutako bederatzi partidetatik bakarra galdu ostean, 21 urteko Ider Borya xakelari frantziarrak irabazi du Elgoibarko 25. Maisuen Nazioarteko Xake Txapelketa. (argazkiak dauzka)

David Astasio gasteiztarrak eta Ori Kobo israeldarrak jokatu zuten bost ordu eta erdiko partidarekin amaitu zen domekan Elgoibarko Nazioarteko Xake Txapelketa. Antolatzaileen asmoak hankaz gora jarri zituen Astasiok eta Kobok jokatu zuten partida amaigabeak. Sari banaketa ekitaldia 13:30ean egitea aurreikusten bazuten ere, 10:00etan hasitako partida 15:30ak inguruan amaitu zuten Astasiok eta Kobok. Berdinketarekin amaitu zen. Partida horretan, baina, ez zegoen jokoan Torneoko irabazlea zein izango zen. Izan ere, lanak eginda iritsi zen Ider Borya azken jardunaldira. Azken partidan Patrice Etchegarai lapurtarrarekin (iazko irabazlea) berdindu ostean, zazpigarren puntu eskuratu zuen Boryak. Nazioarteko maisu gazteak partida bakarra galdu du txapelketa guztian, Misa Pap serbiarraren aurka, hain justu ere. Elgoibarren lortutako puntuei esker, Maisu Handiko norma eskuratu du estreinakoz Boryak. Peruar jatorriko Miguel Muñoz xakelari espainiarra sailkatu da bigarren postuan, sei punturekin eta Misa Pap serbiarra sailkatu da hirugarren, 5,5 puntu lortuta. Gustavo Barrenetxeak ez du iazko mailarik eman eta partida estu eta orekatuak jokatu dituen arren, azken postuan sailkatu da.

Sailkapena (puntu bat partida irabazteagatik eta puntu erdi berdinketagatik)

  1. Ider Borya.........................7 puntu
  2. Miguel Muñoz.....................6
  3. Misa Pap............................5,5
  4. Ori Kobo............................5,5
  5. Dragan Paunovic.................4,5
  6. Patrice Etchegaray..............4,5
  7. Santi González...................4,5
  8. Sabrina Vega......................4
  9. David Astasio.....................3
  10. Gustavo Barrenetxea...........0,5

Eskola Kiroleko irabazleak
Eskola Kiroleko xake txapelketa jokatu zuten xakelari gaztetxoek joan den zapatuan, eta domekan jaso zituzten sariak. 2004 urtean jaiotako haurren mailan, irabazlea Haritz Iriondo izan da; 2006an jaiotakoen artean Hodei Kerexeta eta 2007 urtean jaiotakoen mailan Julen Iranzo. Aurtengoan herriko ikastetxeetako 123 umek parte hartu dute.
•Elgoibar-Azkoitia desafioa
Nazioarteko txapelketaren harira, Elgoibarko Zubi Ondo xake taldeko jokalariek Azkoitiko Anaitasuna-Kakute taldeko kideen aurkako desafioa jokatu zuten, joan den zapatuan, udaletxean. Elgoibarko 20 xakelari Azkoiti eta inguruetako beste 20 xakelariren aurka aritu ziren lehian eta azkoitiarrak nagusitu ziren, 13,5 - 6,5ko emaitzarekin.

2015 12 20 xake kobo astasio jendea

2015 12 20 xake kobo astasio1

2015 12 18 xake txarridunan astasio

2015 12 18 xake boria astasio1

2015 12 18 xake txarridunan kobo barrenetxea

2015 12 18 xake txarridunan barrenetxea

2015 12 18 xake txarridunan cruz

2015 12 19 xake eskola kir

2015 12 19 xake elg azp

2015 12 19 xake elg azp1

2015 12 19 xake elg azp danak