Mendaroko kirol azpiegituren azterketa egingo dute

Barren.eus 2022ko mar. 9a, 14:59

Mendaroko Udalak jakinarazi du herriko kirol azpiegituren azterketa abiatuko duela, eta horretarako herritarren kolaborazioa eskatu dute.

Udaletik azaldu dute herritarrek gero eta gehiago eskatzen dutela kirol-instalazioen eskaintza nahikoa izatea, jarduera horrek lotura estua baitu bizi-kalitatearekin edo bizitza osasungarriarekin. Iñaki Arregi alkateak adierazi du Udal Gobernuak kirol Instalakuntzen Mapan aurrera-pausuak eman nahi dituela, baina horiek, herritarrekin adostuak izatea nahi dute. "Herritarrek zehaztea zein diren beharrak, zein kirol instalakuntza nahiko luketen izan herrian, kirol taldeek duten indarra… Horren arabera, aktuazio ezberdinak zehaztuko ditugu. Helburua da herritarrei kalitateko kirol instalakuntzak eskaintzea kirola era erosoan praktikatu dezaten. Behin herritarren iritzia jasota, analisi zehatza egingo da eta inbertsio programa bat zehaztu, urtez-urte garatzen joateko, elkarlanean, etorkizuneko Mendaro eraikiz”, azaldu du.

Informazioa batzeko 12 urtetik gorako mendaroarrentzako inkesta bat prestatu dute. Ikastolako ikasleei, berriz, zuzenean galdetuko diete, ikastetxeko zuzendaritzarekin lankidetzan. Inkestari erantzuteko bi bide ipini dituzte. Batetik, galdetegi bat bidaliko dute Mendaroko etxebizitza guztietara, herritarrek iritzia eman eta eraikin publikoetan entregatu ahal izateko: Udala, Goñati gimnasioa eta Jubilatuen Biltokia. Bestetik, online ere bete ahal izango da galdetegia www.mendaro.eus webgunean. Erantzuteko epea apirilaren 1ean amaitzen da.

Orain hasiko duten parte-hartze prozesu hau prestatzen diharduten Kirol Instalazio eta Ekipamenduen Plan Zuzentzailearen barruan kokatzen du Mendaroko Udalak, eta hainbat helburu zerrendatu dituzte. Besteak beste, mendaroarren artean jarduera fisikoa eta kirola egiteko ohitura orokortzea, jarduera fisikoa eta kirola askatasunez eta borondatez egiteko eskubidea bermatuz, berdintasun-, kalitate- eta segurtasun-baldintzetan. Era berean, Mendaroko biztanleen bizi-kalitatea, gizarte-ongizatea eta garapen integral osasungarria areagotzea, kirol-instalazioak ikuspegi jasangarri eta hurbiletik hobetuta. Eta, gaur egun dagoen instalazio-eskaintza handitu, hobetu eta modernizatzeko jarduera-programa bat ezartzea.

2022 03 09 mendaro inaki arregi alkatea Javier Puertas LKSko aholkularia kirol plana