Errakestista profesionala izandako Juana Arrillaga 'Arane II.a' hil da Mexikon

Barren.eus 2022ko ots. 22a, 14:16

Juana "Juanita" Arrillaga Garate 'Arane II.a' erraketista zendu zen, otsailaren 18an, Mexiko Hirian, 96 urterekin. Emakumeen kirolean aitzindariak izan ziren erraketistetako bat izan zen Arane II.a, bere ahizpa Mariarekin batera.

Idotorbeko Arane baserrian jaio ziren Juana eta Maria ahizpak, 1918 eta 1925 urteena, hurrenez hurren, eta baserriaren izena hartu zuten pilotan jokatzeko: Arane I.a Mariak, eta Arane II.a Juanak.

Neba-arrebetan zaharrena zen Maria San Pedroko elizpean hasi zen umetan pilotan jokatzen, eskuz eta palekin aritzen ziren han. Geroxeago hasi zen raketarekin jokatzen, Elgoibartik Azkoitirako bidean zegoen Kamiñeroko frontoian. "Eibartik gizon bi etortzen ziren guri erakustera eta guk ordaindu egiten genien erakustearren. Di-da batean moldatu ginen raketekin, sei hilabetean erraketista egin ginen", gogora ekarri zuen Arane I.ak 'BARREN aldizkariari 2006an emandako elkarrizketa batean. 1935. urtean, 17 urte besterik ez zituela, Bartzelonara joan zen erraketista moduan jokatzera. Aurreralia zen. Bost urtean jardun zuen Katalunian jokatzen, Nuevo Mundo frontoian, Principal Palacen eta beste zenbait pilotalekutan, baita gerra denboran ere. Handik Espainia guztiko frontoiak ezagutu zituen gero, harik eta 1953. urtean, jokatzeari laga zion arte. Azkeneko partida 38 urterekin jokatu zuen, Valentzian. Maria Arrillaga 2015ean zendu zen, 100 urterekin, Ondarroako bere etxean.
Maria baino zazpi urte gazteagoa zen bere ahizpa Juanita, 'Arane II.a', eta ahizpa zaharrenak irekitako bidea zapaldu zuen, baina atzelari modura. Bartzelonako Nuevo Mundo frontoian egin zuen debuta profesionaletan. Gero, Logroñoko, Castelló de la Planako, Tenerifeko eta Mexikoko frontoietan jokatu zuen. Juanaren senideek azaldu dutenez, pilotak lehenik, eta "tio Tomasekiko maitasunak" gero, eraman zuten urrutira, Mexikora, baina hala eta guztiz ere, "Arane baserria eta euskara beti izan zituen iturburu bizitzako une eta leku bakoitzean. Asko maite izan eta maite zaitugu. Laister arte tia Juani eta argi egin denori", agurtu dute  ahaideek. Hutsune handia laga duen arren, bere alaitasunaren eta baikortasunaren oroimena eurengan gordeta dute eta izango dute, "bere keinu ona, ematen zituen aholku jakintsu eta ausartak, guztien arazoetan zuen inplikazioa, eskuzabaltasun bikaina, hobetzeko eta beti ikasteko indarra eta samurtasuna".

2022 02 22 arane 2 erraketista Juana arrillaga garate elgoibar

 • Aitzindariak
Arrillaga ahizpak erraketista profesional izan ziren sasoi berean, Elgoibarko beste hainbat emakume ere aritu ziren frontoietan: Angela Juaristi, Maria Angeles Txurruka, Felisa Muguruza, Juanita Arrillaga Garate, Sabiñe Aranburu, Salome Agirregomezkorta edo Maria Agirregomezkorta.

Emakume kirolari antzindariak izan ziren erraketistak. Arrakastaz beteriko hiru edo lau hamarkada bizi izan zituzten. 1940ko eta 1950eko hamarkadak izan ziren erraketisten urrezko aroa. Bartzelonan eta Madrilen zazpina frontoi zeuden orduan. Erraketisten historia, oraintsu arte nahiko isilik egon bada ere, aipagarria izan zen oso. Hego Euskal Herriko 47 herritako 237 erraketista profesional daude zenbatuta. Kopuru esanguratsua da, eta gainera, 1940. hamarkadako estatistiken arabera, emakume lizentzia gehiago zeuden gizonenak baino. Bizitzea tokatu zitzaien sasoirako aurreratuak izan ziren, familia eta herria utzi eta lanera alde egin zuten emakumeok. Azken urteotan hainbat erakusketa eta omenaldi ari dira antolatzen erraketisten jaioterrietan. Elgoibarren ere antolatu zuten erraketistei buruzko erakusketa eta mahai ingurua bat 2018an, eta Jon Juanes Iragorriren 'Raketistak Lehen eta Orain' izeneko dokumentala ikusteko aukera ere izan zen.