Hodei Ezpeleta aizkolaria saritu dute Deia Kirol Sarietan

Barren.eus 2022ko ots. 18a, 19:23

Guggenheim museoan egin zuten galan banatu zituzten Deia Kirol Sariak, otsailaren 17an, eta saritutako kirolarien artean zen Hodei Ezpeleta aizkolaria, Leticia Canales, Jon Rham, Unai Simon, Karmele Gisasola edo Pello Bilbao moduko kirolariekin batera.

Deia egunkari bizkaitarrak lurraldeko urteko kirolari onenei aitortza egiten die Deia Kirol Sarietan. Bi kirolarik jaso dituzte sari nagusiak, Leticia Canales surflari sopelarrak eta Jon Rham golf jokalari barrikarrak. Horiekin batera, hainbat kiroletako kirolariek jaso dute saria. Herri Kiroletakoa Karmele Gisasola mallabiarrak eta Hodei Ezpeletak jaso dute. Lehenak herri kiroletan aitzindaria izateagatik, eta Ezpeletak 2021eko aizkora txapelketetan eskuratutako lorpenengatik jaso du aitortza. Gipuzkoarra izan arren, Bizkaiko herri kirol federazioren lizentziapean lehiatzen delako izan da saria jasotzeko hautagaia. Mendaroarrak Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa irabazi zuen 2021ean eta baita Urrezko Aizkolarien txapelketa ere. 22 urteko aizkolari gazteak pozik jaso du saria, eta iazkoa urte nahiko ona izan zela azaldu du Deiari eginiko adierazpenetan, bereziki urtearen bigarren zatia. Lehen txapela irabazi ostean, bere buruarengan zuen konfidantza handitu izana nabarmendu du, baina, era berean, argi du oraindik ere bidea egin behar duela aizkolari onenen artean egoteko, eta aitortzen du bera baino hobeak direnak badaudela, "Iker Vicente edo Aitzol Atutxa, esaterako, ezagunenak aipatzearren".

Gainerako kiroletan, Pello Bilbao txirrindularia, Kerman Lejarraga boxeolaria, Amaia Alday pilotaria edo Lucia Garcia, IƱigo Martinez eta Unai Simon futbolariak saritu dituzte Deia Kirol Sarietan. Era berean, Amorebieta eta Genuine Athletic futbol taldeak, Santurtziko Sotera trainerua eta Bidaideak Bilbao saskibaloi taldeak ere jaso dute aitortza. Guggenheim museoan egin zuten sari banaketa ekitaldian banatu zituzten sariok.