Garaipenik gabe itzuli dira Gaurve eta Alcorta Logroñotik eta Oñatitik

Barren.eus 2022ko ots. 14a, 17:12

Bolada txarra eten nahi zuten Sanloko bi talde nagusiek, baina esku hutsik itzuli dira Logroñon eta Oñatin jokatutako partidetatik. Datorren asteburuan etxean jokatuko dute bi taldeek.

Gaurve Asesores senior emakumeen taldeak erronka zaila zuen, sailkapeneko bigarren postuan den Grafometal La Rioja baitzuen aurkari, Logroñoko Lobete kiroldegian jokatu zuten neurketan. Lehen zati parekatuaren ostean, bigarrengoan erroioxarrak izan ziren nagusi, eta 27 eta 18 hartu zuten mendean Gaurve.

 • Liderraren bisita
Jokatutako azken bi partidak galdu dituzte elgoibartarrek, eta garaipenen lehorte txiki honi amaiera emateko "lanean jarraitu" besterik ez zaiela gelditzen esan dute taldeko arduradunek, horixe dela ezagutzen duten bide bakarra. Zapatuan zaleen aurrean izango dute lan horren fruituak erakusteko aukera, baina, joan den asteburuan moduan, erronka ez da nolanahikoa izango, sailkapeneko liderraren aurka jokatuko baitute, Gurpea Beti Onak talde nafarraren aurka. Olaizaga kiroldegian izango da, zapatuan, 19:30ean. Sekulako denboraldia egiten ari da Atarrabiako taldea: jokatutako 19 partidak irabazi ditu, nagusitasunez irabazi ere. Batezbeste 30,3 gol sartzen dituzte partidako eta 17,8 gol bakarrik egiten dizkiete aurkariek. Alegia, kantxako bi aldeetan ondo baino hobeto moldatzen den taldea da. Gaurveren estatistikak bestelakoak dira: 21,7 gol sartzen dituzte, batezbeste, partidako; eta, 26,5 gol jaso. Esan behar da, Gurpea Beti Onak taldean jokatzen duten goi mailako jokalariak gertutik ikusteko aukera ere izango dutela zaleek zapatuan. Jokalari internazionalak ere badituzte, Argentinako selekzio nagusiarekin jokatzen duen Macarena Sans edo Txilekoarekin jokatzen duen Valeska Lovera. Horiez gain, gazte mailetako Espainiako eskubaloi selekzioekin aritzen dira Aileen Ripa edo Lyndie Tchaptchet jokalariak. Eta aurrekoez gainera, bada partida erakargarri egiten duen azken puntu bat, Nahia Legorburu Goñi elgoibartarra ere talde nafarrean ari baita azken sasoietan, Sanlok lagata.

2022 02 14 nahia legorburu gurpea eskubaloia
 • Azken minutuetan egin zion ihes garaipenak Alcortari
Alcorta Forging Group senior mailako gizonezkoen taldeak Oñatin jokatu zuen igoera faseko partida, Fagor Professional Aloña Mendi taldearen aurka. Taldeko arduradunek azaldu dutenez, markagailuan aurrea hartuta ibili ziren partida guztian, baina azken minutuetan ez zuten jakin abantailari eusten, eta ihes egin zien garaipenerako aukerak. Atsedenaldira bi goleko abantailarekin ailegatu baziren ere (11-13), bigarren zatian zortzi gol bakarrik sartu zituzten elgoibartarrek, eta 25 eta 22 emaitzarekin amaitu zen partida. "Jokalari gaztez osatutako taldea da Oñatikoa eta etxean jokatzeak beti ematen die plus berezi bat. Bi metroko garaiera duen hegaleko bat ere badute, eta horrek asko zaildu zuen gure defentsako lana", azaldu dute taldeko arduradunek.
Jarraian galtzen duen bigarren neurketaren ostean, igoera lortzeko aukerak zailtzen ari zaizkio Zigor Esnaolak entrenatutako taldeari, baina oraindik liga bukatzeko asko falta da, eta azpimarratu dute hiru asteren ostean berriro etxean jokatuko dutela hurrengo partida. "Espero dugu zaleek emandako indarrarekin, garaipena lortzea", esan dute.

Alcortak Errenteriako Ereintza Beissier taldea izango du aurkari zapatuan, hilak 19, Olaizaga kiroldegian jokatuko duten neurketan. 17:45ean hasiko da.

2022 02 12 alcorta vs alona mendi onati goiena

Sanlo kirol taldeko taldeek azken jardunaldian lortutako emaitzak:

  • Pneumax Elgoibar 42 - Ereintza 12
  • Saieko 17 - Bacalaos Alcorta 24
  • Urnieta 24 - Urkunde Elg. 36
  • Leizaran 26 - Hotel Txarriduna 12
  • Astigarraga GYS Sport  - Usurbil 20
  • Ereintza 10 - Tecnifuelle Elg. 21
  • Bergara 31 - Deuko Izarra Elg. 31
  • Deca Elg. 29 - Egia eskubaloia 24
  • Grafometal La Rioja 27 - Gaurve Asesores 18
  • Salento Gelati 27 - Aloña Mendi 28
  • Aloña Mendi 25 - Alcorta F. G. 22
  • Urola 24 - Arilan 27
  • CIMDE Elg. 27 - Aiala Zarautz 27
  • Dario Bus 16 - Aiala Zarautz 28
  • Legazpi 21 - Neurri 22
  • Zubacor 23 - Arrate 31
  • Pizzeria Salento 32 - Donibane 21