Modelos Modelberrik 57 eta 75 galdu zuen MUren aurka, multzoko oilarren arteko borroka

Barren.eus 2022ko ots. 9a, 11:05

Sailkapeneko lehenak eta bigarrenak elkarren aurka jokatu zuten Elgoibarren, domekan, eta garaipenarekin eta lidergoarekin joan ziren Arrasatera Mondragon Unibertsitatea saskibaloi taldekoak.

Gipuzkoako Hirugarren Mailako bigarren multzoko lidertza jokoan zegoen Modelos Modelberri eta Mondragon Unibertsitatea saskibaloi taldeek Olaizagan jokatu zuten ligako partidan. Arrasatearrek partidaren hasieratik hartu zuten aurrea markagailuan eta lehen laudenaren amaieran 7 eta 20koa zen emaitza. MUren defentsa gogorrak eraginda, baloi asko galdu zituen etxeko taldeak, eta horrez gainera, fin aritu ziren hiruko jaurtiketetan. Hala, bigarren laurdenean abantaila handitzea lortu zuen MUK, 16 eta 26ko partzialari esker. Atsedenaldi luzea 23 eta 48ko emaitzarekin ailegatu ziren. Hirugarren laurdenean etorri zen Modelos Modelberriren susperraldia eta zenbait unetan markagailua iraultzeko gai izan zitezkeela ere bazirudien. Elgoibartarren aldekoa izan zen hirugarren laurdena (20-11). Azken laurdenean, baina, hiruko garrantzitsuak saskiratu zituzten kanpokoek eta aldeari eutsi zioten, 14 eta 17ko partzialarekin. Partidaren amaieran 57 eta 75ko emaitza erakusten zuen markagailuak.

 • Sailkapen estua
Garaipen honi esker, Modelos Modelberri harrapatu du sailkapenean MUk. Biek dituzte 21 puntu, baina partida bat gutxiago jokatu dute arrasatearrek. Ligako hamabi jardunalditan bederatzi partida irabazi eta hiru galdu ditu Elgoibarko taldeak, eta Arrasatekoak hamar partida irabazi eta bakarra galdu du orain arte. Take Coach taldea dago hirugarren, 20 punturekin. Hamar taldek osatzen dute multzoa.
Modelos Modelberrik Arrasaten jokatuko du hurrengo jardunaldiko partida, Mondragon Unibertsitatea B taldearen aurka, hain zuzen ere. Musakola kiroldegian izango da, zapatuan (18:00). Hurrengo jardunaldian ere etxetik kanpo jokatuko dute elgoibartarrek, Take Coach taldearen aurka, Tolosan.

 

2022 02 06 saskibaloia elgoibar vs mondragon barren tap

2022 02 06 saskibaloia elgoibar vs mondragon barren 1