Izan ere, bukatu berri da aurtengo denboraldiko lehenengo fasea, eta Alcortak ez du partida bat bera ere galdu. Bigarren faseko lehen partida galdu ostean, garaipen argia lortu zuen joan den astean etxean jokatutako partidan. Hala, ilusioz eta itxaropentsu daude entrenatzaile zein jokalariak, eta aurtengo helburua lortuko dutela espero dute: igoera faserako sailkatzea dute helburu, eta ahal bada, mailaz igotzea, jakina. Esnaolak bigarren entrenatzaile modura jardun du azken urteetan Gojko Vucinic-ekin, eta hura hil ostean hartu zuen taldearen ardura. Entrenatzailearekin eta taldeko bi kapitainekin, Iker Izeta (Elgoibar, 1990) eta Sergio Echeverria (Eibar, 1996) batu da BARREN, taldearen azken denboraldiez eta aurtengorako dituzten itxaropenz berba egiteko.
• Noiz iritsi zinen Sanlora, Zigor?
Niri betidanik gustatu izan zait eskubaloia, eta 14-15 urte nituela hasi nintzen jokatzen. Garai hartan Elgoibarren ez zegoen eskubaloi talderik, eta Eibarren hasi nintzen. 20-21 urte bete nituen arte ibili nintzen Eibarren, baina ordurako Sanlo martxan zegoen, eta Elgoibarrera etortzea erabaki nuen. Zortzi bat urtez jardun nuen jokatzen, eta 29 bat urterekin laga nion jokalari izateari. Atsedena behar nuen. Urte asko eman nituen jokatzen, eta burua beste gauza batzuetan jarri behar nuen. Entrenatzaile izateko aukera eskaini zidan Sanlok, baina une hartan ezetz esan nuen; eskubaloitik deskonektatzea behar nuelako, baina hala ere, banekien itzuliko nintzela. Esan nien nire semea eskubaloian jokatzen hasten zenean sartuko nintzela berriz ere klubean, eta hala izan zen. Semea Sanlon sartu zenean, delegatu lanetan hasi nintzen. Gero, entrenatzaileak falta zirela ikusi nuen, eta ordurako titulazioa aterata neukanez, infantilak entrenatzen hasi nintzen. Pare bat urte geroago, senior gizonezkoen bigarren taldea entrenatzen hasi nintzen. Ondoren, lurralde mailako entrenatzaile izateko titulua atera nuen, eta orain dela bi urte, nazional mailako entrenatzaile izatekoa. Vuchy-rekin hasi nintzen Alcortan, eta orain ni naiz entrenatzailea. Buru-belarri sartuta nago Sanlon, eta ez ni bakarrik, familia guztia gaude klubean sartuta. Bi semeak eta alaba jokatzen, emaztea delegatu, eta ni entrenatzaile. Gure asteburuak eskubaloiari lotutakoak izaten dira, baina gustura ibiltzen gara, asko gustatzen zaigu eta gozatu egiten dugu.
• Sanloko senior gizonezkoen ardura daukazu orain, Vucinicen lekukoa hartuta. Ez daukazu paper makala.
Bai, Vucinic ordezkatzea bidean etorri den kontua izan da, horrela tokatu da. Bere laguntzaile lanetan jardun naiz azken urteetan, eta bera gaixotu zenean nik hartu nuen taldearen ardura. Baina Vuchy ordezkatzea ezinezkoa da. Eskubaloiari buruz pila bat zekien, eta eskubaloia asko landu zuen. Sanlon sekulako lana egin zuen, egitura sendoa ezarri zuen eta maila guztietan taldeak sortzen saiatu zen. Jokatzen hasi zen Alcortan eta gero entrenatzaile. Mailaz igotzea lortu zuen taldeak bera jokalari zela, eta entrenatzaile zenean maila hori mantentzen saiatu zen. Oso figura garrantzitsua izan da klubean, eta denok ikasi dugu asko bere ondoan. Bere heriotza gogorra izan zen. Gaixorik zegoen, bagenekien, baina hala ere oso ukituta geratu ginen denok. Kirol alorrean ere denboraldi gogorra izan zen iazkoa, eta asko sufritu genuen. Bere omenez, berak oparitu zidan Montenegroko selekzioko kamiseta jantzita irteten nintzen bera hil ondorengo partidetan, nolabait erakusteko berak bukatu zuela denboraldia. Garaipen bat eskaini nahi izan genion, baina esan bezala, iazko emaitzak ez ziren onak izan eta ez genuen partida bat bera ere irabazi bera hil ondoren. Aurtengoak eskainiko dizkiogu, eta mailaz igotzea lortuko bagenu, hori izango litzateke beretzako omenaldirik onena. Niretzako laguntza handia zen Vuchy, bere aholkuak, bere jakintza oso beharrezkoak izan dira niretzat, baina Vuchyk bere egiteko modua zeukan, bere estiloa, eta nik nirea.
• Denboraldia ondo hasi duzue. Zein da aurtengorako helburua?
Helburu nagusia igoera faserako sailkatzea da, baina horrez gain taldea sendotzea eta jokalarien animo eta ilusioa berreskuratzeko helburua ere jarri genuen. Azken urteetan lehen nazional mailan jokatzen egon dira, eta azken bi denboraldiak txarrak izan dira emaitzei dagokienean. Covid-ak ere ez du batere lagundu: Konfinamenduak izan genituen, jokalari batzuk lan kontuegatik taldea utzi behar izan zuten... Horrek guztiak izugarri eragin du jokalariengan, eta nire nahia izan da berriz bloke sendo bat sortzea. Horretarako, jokalari gazteez gain, beterano batzuk ere fitxatu ditugu, eta taldea askoz hobeto dago. Taldean erreferente batzuk edukitzea oso garrantzitsua da. Beteranoek asko laguntzen dute, bai niri eta baita jokariei ere, eta hori igartzen da. Lehen fasean hamar partidatatik, denak irabazi ditugu, eta alde horretatik oso pozik gaude. Gure helburua lortzeko taldea badaukagu, eta nik uste dut lortuko dugula.
Erreportajea osorik BARREN aldizkariko 1230. zenbakian -PDF-
• Alcorta taldearen historikoa
Sanlok 17 eskubaloi talde ditu, emakumezkoenak 11 eta gizonezkoenak sei. Guztira, 280 jokalari ditu klubak aurten, eskubaloi eskola kontuan hartuta. Jarraian duzue Alcorta senior gizonezkoen taldearen garapena.
- 2006-2007: Tecnifuelle senior gizonezkoen taldea Lehen Nazional mailara igo ostean, taldea desegin zen. Denboraldi bat egon zen Sanlo senior gizonezkoen talderik gabe.
- 2008-2009: Senior gizonezkoen taldea sortu zuten berriro. Gipuzkoako Bigarren Lurraldeko mailan hasi zen, eskubaloiko mailarik apalenean, Juanma Lopez entrenatzaile zela. Alcortaren babesletza lortu zuten urte hartan eta ordutik hartu du izena. Partida bat bera ere galdu gabe, mailaz igotzea lortu zuten.
- 2009-2010: Gipuzkoako Lehen Lurraldeko mailan, bigarren bukatu zuten liga. Mailaz igotzeko fasea jokatu zuten, baina ez zuten igotzerik lortu.
- 2010-2011: Gipuzkoako Lehen Lurraldeko mailan, hirugarren postuan amaitu zuten. Igoera fasea jokatu, eta mailaz igo ziren.
- 2011-2012: Bigarren Nazional mailan (Euskal ligan), bigarren postuan amaitu zuten denboraldia. Denboraldi horretan iritsi zen Vucinic, atezain postura. Elgoibarren jokatu zuten igoera fasea, eta bigarren egin zuten, La Garriga talde katalanaren atzetik. Bigarren postu horri esker, beste igoera fase bat jokatzeko aukera izan zuen taldeak, eta orduan bai, Lehen Nazional mailara igo ziren. 2020-2021 denboraldira arte eutsi zion mailari, eta ibilbide horretan bi Gipuzkoako kopa irabazi zituzten, eta beste bitan azpi txapeldun izan ziren.
- 2019-2020: Covid-a dela eta, ez zen talderik jaitsi lehen maila nazionaletik eta horri esker eutsi zioten mailari.
- 2020-2021: Apirilaren 14an hil zen Vucinic minbiziaren ondorioz, eta Zigor Esnaolak hartu zuen taldearen ardura. Ez zuten lortu mailari eustea.
- 2021-2022: Bigarren Nazional mailan (Euskal ligan) dabil taldea, Zigor Esnaolaren gidaritzapean. Lehen fasean dena irabazi ostean, bigarren faseari ekin diote, igoera fasera sailkatzeko helburuarekin.