Haundi, 'Invictus' lehen itzulian

Barren.eus 2022ko urt. 20a, 15:37

Haundi futbol taldeak partida bakar bat galdu gabe amaitu du lehen itzulia, Ohorezko erregional mailan. Sekulako marka da, azkenengoz 1945-46 denboraldian egin baitzuten porrotik gabeko lehen itzulia, duela 75 urte.

Pedro Barrenetxeak ohartarazi du BARREN datu horretaz, eta zehaztu duenez meritu handiagoa du Haundik orain lortu duen porrotik gabeko lehen itzuliak, 18 talde ari baitira lehian eta 11 talde ziren joan den mendeko erdialdera jokatu zuten liga hartan. Koldo Lizarraldek C.D. Elgoibarren mendeurrenaren harira idatzi zuen 'Club Deportivo Elgoibar (1917 - 2017)' liburuan jasota dauden datuak erabili ditu iturritzat.

Partidarik galdu ez duen arren, sailkapeneko bigarren postuan dago Haundi, 35 punturekin, liderra den Touring taldeak baino puntu bat gutxiagorekin. Lehen itzulian jokatutako 17 partidetatik bederatzi irabazi eta zortzi berdindu ditu Haundik. Lau partida irabazi ditu Mintxetan eta beste horrenbeste berdindu, eta etxetik kanpora bost garaipen eta lau berdinketa eskuratu ditu Pablo Turrillasek entrenatutako taldeak. (ikus sailkapena)
Bigarren itzuliko lehen partida Arrasaten jokatuko dute elgoibartarrek, Mondraren aurka jokatuko baitute Mojategi futbol zelaian, zapatuan (16:30).

2022 01 20 haundi 2021 2022 denboraldia mintxeta cd elgoibar