Ibon Baskaranek garaipen batekin estreinatu du snowboard lehiaketetan hasi duen ibilbidea

Barren.eus 2022ko urt. 19a, 15:38

Snowboard Génération Pyréneen snowboard txapelketako eslalom erraldoian lehiatu zen Ibon Baskaran Beristain elgoibartarra, Frantziar Pirinioetan dagoen La Mongie estazioan, joan den urtarrilaren 15ean.

Ibon Baskaran 9 urteko elgoibartarrak emaitza ezin hobea eskuratu zuen lehiatu den estreinako proban. 7 eta 11 urte artekoen mailan lehiatu zen, goizez eta arratsaldez jokatu zen proban. Goizean bi manga jokatu zituzten, eta horietako batean eginiko denbora onena hartzen zen kontuan azken sailkapenerako. Baskaranek egin zuen denborarik onena eta 2 segundu eta 50 ehunekoko aldea atera zion bigarren sailkatuari. Arratsaldean jaitsiera bakarra egin zuten, eta hor ere Baskaran izan zen azkarrena; segundo bat eta 63 ehunekoko aldea atera zion bigarrengoari.

Luz Ardideneko Ski Toy taldeko kidea da elgoibartarra, pandemia hasi zen urtetik, 2020tik. Hori dela-eta, honakoa izan da lehiatu ahal izan duen aurreneko lasterketa. Hurrengo lasterketa Saint Lary eski estazioan jokatuko dute, urtarrilaren 29an. Frantziarako Koparako puntuagarria den Bank Slalom kategoriako proba izango da.

2022 01 18 ibon baskaran beristain snowboard la mongie podiumean

2022 01 15 ibon baskaran snowboard la mongie pista