Iñaki Oliden oriotarraren idi parea gailendu da Saizar sariketaren finalean

Barren.eus 2022ko urt. 19a, 10:23

Gipuzkoako Kintopeko Ligako finala, Saizar sariketa, jokatu zuten Sigmako probalekuan, San Anton Egunean, eta Olidenen idi parea gailendu zen.

Denboraldian zehar onenak izan diren Gipuzkoako kintopeko idiak batu ziren astelehenean Sigmako probalekuan, eta Orioko Iñaki Olidenen idi pareak, 'Rubio'k eta 'Gorri'k, egin zuten markarik onena. Orduerdian 56 plaza egin zituzten 1.700 kiloko harriarekin. Bere idien itzai lanetan jardun zuen Olidenek Orioko Karkara toki komunikabideari eginiko adierazpenetan azaldu duenez, Elgoibarko probalekua nahiko irristakorra da, eta idiak ez ziren batere seguru ibili hasieran, nahi baino gehiagoan labaintzen baitziren. "Eguraldi oso hotza ere egin zuen, eta horrek ere ez zuen lagundu. Pixkanaka, idiak lasaitzea lortu genuen, eta zorionez, konfiantza hartzen joan ziren. Hala, lan aparta egin zuten, proba 56 plaza eginda amaituz", azaldu du. 'Rubio' eta 'Gorri' idiek egin duten lanarekin oso pozik dago Oliden. "Elkar errespetatzen duten idiak dira, bikote oso ona osatzen dute. Momentu zailetan, badakite elkarri laguntzen".

Lezoko Olatzarren idi-pareak lortu zuen bigarren postua Elgoibarko finalean, 54 plaza eginda, eta Errezilgo Bixkien idiek 51 plaza egin zituzten.

Iñaki Olidenek Saizar Idi Dema Txapelketaren bosgarren ekitaldian izan den "maila ikaragarria" nabarmendu du, bost pare oso berdinduta ibili baitira aurreneko postuetan. Elgoibarkoa denboraldiko laugarren garaipena izan da idi-zale orioarrarentzat.

∞Lotura duten albisteak: