Lagunak Pilota Eskolak antolatzen duen San Anton Pilota Txapelketaren 29 ekitaldiari dagozkion finalak jokatuko dituzte barikuan, hilaren 14an, 22:00etatik aurrera, Ikastolako frontoian.
Joan den barikuan eta zapatuan jokatu zituzten finalerdietan lortu zuten finalerako txartela lau bikotek. Promesa mailako finalean Egiguren eta Iztuetak Amiano eta Ugartemendia izango dituzte aurkari. Lehenengoek 22-11 irabazi zieten Aranbarrik eta Belokik osatutako bikoteari. Bigarrengoek Irribarria II eta Lazkoz kanporatu zituten finalerdietan, 22-15eko emaitzarekin. Senior mailako finalean, Matak eta Morgaetxeberriak osatutako bikoteak Igoa eta Arbizu izango dituzte aurkari. Igoak eta Arbizuk Alberdi eta Aizpuru gainditu zituzten finalerdietako neurketan (22-8); eta, Matak eta Morgaetxeberriak 22-15 irabazi zieten Expositori eta Irazustabarrenari finalerdietako kanporaketan.