Karakateko erronka gainditzen saiatuko da Juanan Martin bigarrengoz

Barren.eus 2021ko abe. 15a, 20:50

Iaz bere buruari jarri zion erronka bera errepikatuko du zapatuan, hilak 18, Juanan Martin kirolariak: Karakatera bost joan etorri sei orduren azpitik egiten saiatuko da.

Iaz, zortzi minutugatik ez zuen lortu bere buruari jarritako erronka. Aurten, iaz egin zuen sasoi berean, berriro saiatuko da, iazkoa amaitu berritan jakitera eman zuen moduan. Martinek badaramatza aste batzuk erronkarako prestatzen, eta berarentzat ez da oztopo izan azken asteetako eguraldi makurra, Karakaten gora eta behera ibili baita, euria, txingorra edo elurra ari zuen axola gabe, sare sozialetan zabaldu dituen bideoetan ikus daitekeen moduan. Mintxetako pistan ere egin ditu entrenamenduak. Hala ere, aitortu du ez dagoela iaz moduan, sasoi-sasoian, eta bizkarreko minekin ere ibili da. Sentsazioak okerragoak izanagatik, baina, iazko esperientziatik ikasitakoari garrantzi handiagoa ematen dio, eta horri eutsi nahi dio. "Ia iaz egindako denborari minututxoren bat edo beste jaten dizkiodan", dio.

7:00etan egingo du lehen igoera, Kalegoen Plazako frontisetik abiatuta, eta iaz moduan hainbat lagun izango ditu Karakaterako joan-etorrietan bidelagun.

2021 12 15 juanan martin erronka karakate5biderseiordutan antena

∞Lotura duten albisteak: