"Iriarte" eta "Txorti" omentzeko herri kirol jaialdia egingo dute Ikastolako frontoian

Barren.eus 2021ko abe. 15a, 13:53

Elgoibarko Udalak 2020 urtean zendu ziren Joseba Arrizabalaga "Iriarte" eta Jesus Mari Azpiazu "Txorti" omenduko ditu herri kirol jaialdi batekin, zapatu honetan, abenduak 18.

Ikastolako frontoian izango da, 12:00etan.

Udalak urte askoan Elgoibarren herri kirolaren alde egindako lana aitortu eta eskertu nahi die bi elgoibartarrei. Sigmako Probaleku Elkarteko kide ziren eta herri kirolaren alde, eta bereziki idi proben alde, lan asko egindakoak biak. Doanekoa izango da sarrera. Eguraldi ona iragarrita egon arren, jaialdia Ikastolako frontoian egitea erabaki du Udalak, Covid-19aren pandemiaren intzidentzia tasak azken hilabete honetan egin duen gorakada kontutan izanik, prebentzio eta segurtasun neurri oro betetzeko eskaintzen duen bermeagatik.

Jaialdian kirolariak aizkoran, harria jasotzen, iparraldeko jokoetan eta trontzan arituko dira. Aizkoran Euskal Herriko txapelduna, Hodei Ezpeleta, eta txapeldunordea, Xabier Zaldua arituko dira, Goizeder Beltzarekin eta Ernesto Ezpeleta "Bihurri"-rekin batera. Harriarekin, txingak eramaten, iparraldeko jokoetan eta trontzan Ousmane Dramé, Nerea Egurrola, Lucia Orbe eta Carlos Aretxabaleta.