Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa Nagusiaren finalean lehiatuko da Hodei Ezpeleta

Barren.eus 2021ko aza. 26a, 20:08

Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatzen duen lehen mailako aizkolari txapelketaren finala jokatuko dute domekan, azaroaren 28an, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Sei finalistetako bat da Hodei Ezpeleta mendaroarra.

Hodei Ezpeleta, Luis Mari Txapartegi, Xabier Zaldua, Oier Kañamares, Iban Resano eta Jose Antonio Etxeberria aizkolariak ariko dira lehian Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa Nagusiaren finalean. Iaz egin gabe geratu eta gero, txapelketa horren 36. ekitaldia izango da Tolosan domekan jokatuko dutena, 12:00etatik aurrera.

Aizkolariek lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko enbor moztu beharko dituzte.

 • Polemika txapelketen harira
Azken aldian hika mika izan da aizkora munduan txapelketen harira, berez lehen mailako aizkolariak eta bigarren mailako zenbaitek ez dutelako Euskal Herriko Federazioak antolatutako txapelketan parte hartzen. Horren ordez, Sherpa.ai Aizkora Txapelketa Nagusian parte hartu dute, eta aurreko domekan jokatu zuten finala Bilbon. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko lehendakaria den Igor Duñabeitiak esan du Tolosan egingo dena dela Euskal Herriko Txapelketa Nagusi ofiziala. Tolosako txapelketaren aurkezpenean egin zituen adierazpenok, Tolosako ataria.eus toki komunikabidean jaso duten moduan. Aurreko domekan Bilbon egindakoa herri kiroletan egiten diren beste "erakustaldi eta torneoen" pare jarri zuen Duñabeitiak.

2021 11 25 aizkora euskal herri txapelketa aurkezpena tolosa atariaeus tokikom 700x700