June Loidi eta Lorea Gabilondo Euskal Selekzioarekin, Emakumezkoen Nazioarteko Eskubaloi Txapelketan

Barren.eus 2021ko aza. 26a, 15:55

Senior mailako sei selekzio lehiatzen ari dira Euskal Eskubaloi Federazioak antolatu duen Emakumezkoen I. Nazioarteko Eskubaloi Txapelketan, "Basque Country Cup" izenekoan. Bi elgoibartar ari dira euskal selekzioarekin, June Loidi jokalaria eta Lorea Gabilondo entrenatzailea.

Azaroaren 25etik 27ra jokatuko duten txapelketan sei selekzio absolutu lehiatuko dira: Finlandia, Luxenburgo, Kongo, Brasil, Argentina eta Euskal Selekzioa. Nabarmendu behar da Panamerikar Jokoetako egungo txapelduna dela Brasil, Jorge Dueñas bilbotarra hautatzaile duen taldea, eta txapeldunorde izan zela Argentinako selekzioa txapelketa horretan. Hortaz, puntako selekzioak izango ditu aurkari euskal selekzioak, gure lurraldean eskubaloia sustatzea helburu duen txapelketa honetan. Hiru herritan jokatuko dituzte partidak: Leioan, Berangon eta Eibarren.

 • Lorea Gabilondo gidari
Karmele Makazaga Euskal Eskubaloi Selekzioaren hautatzaile iritsi berriarentzat estreinaldia behar zuen izan txapelketa honek, baina koronabirusa dela-eta ezin izango du taldea zuzendu. Sanloko entrenatzaile Lorea Gabilondo elgoibartarra eta Itziar Aldaburu ari dira Makazaga ordezkatzen, eta beraiek gidatuko dute taldea nazioarteko txapelketa honetan. Bera Bera taldeko bederatzi jokalari ari dira jokatzen euskal selekzioarekin eta horien artean da June Loidi elgoibartarra ere.
Euskal selekzioak atzo jokatu zuen aurreneko partida, Leioan, eta 27-26ko emaitzarekin galdu zuten Finlandiaren aurka (ikus hemen partida). Gaur, hilak 26, Argentina izango dute aurkari, 20:00etan Berangon jokatuko duten partidan (hemen emango dute streaming bidez), eta hirugarren eta azken partida zapatuan jokatuko dute, Eibarren, Brasilgo selekzioaren aurka (15:30). Finlandiak eta Argentinak ere Eibarren jokatuko dute elkarren aurkako partida, zapatuan, 17,45ean.

Euskal Herrian inpaktu handiko txapelketa bat ospatzearekin batera, Euskadiko eskubaloi selekzioa bistaratzea nahi du txapelketa hau antolatuta Euskadiko Eskubaloi Federazioak. Ekimen honekin Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lortzeko urratsak eman nahi baitituzte. Hortaz, eskubaloiko euskal selekzioak selekzio absolutu baten aurrean egiten duen debuta izan ez arren, lehen aldiz ari da anfitrioi gisa maila honetako nazioarteko txapelketa batean.

2021 11 26 Euskal Selekzioa eskubaloia june loidi vs finlandia

2021 11 27 euskal selekzioa eskubaloia lorea gabilondo