Gorka Garaizabalek zinegotzi eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuko lehendakari izateari lagako dio

Barren.eus 2021ko aza. 23a, 10:58

Gorka Garaizabal kirol zinegotziak kargua lagako du eguazten honetan, udalbatzarrak egingo duen osoko bilkuran. Garaizabal Elgoibarko Udal Kirol Patronatuko lehendakaria ere bada.

Elgoibarko Udaletik jakitera eman dutenez, merezi duten ardura eta dedikazioa eskatzen duen postu bati behar duen denbora ezin eskaini izanagatik lagako du kargua Gorka Garaizabalek. Honela adierazi du berak: “Zinegotzi izatea ohore bat izan da sei urte hauetan, baina dedikazio handia eskatzen du zure herriaren alde lan egiteak, eta une honetan, ezinezkoa zait ehuneko ehunean jardutea. Sei urte izan dira, non, nire alorretik proiektu estrategiko ugari atera ditugun aurrera, tartean, eta garrantzitsuena ziurrenik, Olaizaga Kiroldegiko igerileku berria”.

Unai Arizmendiarrietak ordezkatuko du Gorka Garaizabal, eta abenduko Osoko Bilkuran hartuko du kargua. Arizmendiarrieta aurrez ere izana da zinegotzi, 2015-19 legealdian, hain justu ere.

Garaizabalek Ane Beitiari eskaini dizkio agurreko berbak. “Ane Beitia alkate eta lagunari eskertu nahi diot abentura honetan sartzeko aukera eman izana, konfiantza, eta gertuko elkarlana, eta berretsi, zinegotzi eran ez bada ere, hor egongo naizela behar duen orotan. Eskertu ere, Elgoibarrek duen udal korporazio apartari, osatu dugun taldea, emandako laguntza eta guztion artean posible egin ditugun proiektuei bide eman izana. Ziur naiz Udal Gobernuko kide guztiek herriaren alde duten onena ematen jarraituko dutela. Eta azkenik, eskertu Elgoibarko herriari zein eragile eta kirol taldeei emandako konfiantza eta babesa; guztion artean egin dugu lan elgoibartarren ongizatea bermatu eta bizi kalitatea hobetzen, eta jarraituko dugu hala egiten”.

Era berean, Ane Beitiak eskerrak eman dizkio Garaizabali, azken 6 urte eta erdi honetan emandako guztiagatik, honela: "Kide aparta izan zara, zinegotzi bikaina, eta lagun hobea. Elgoibar hobe bat eraikitzen lagundu duzu, eta elkarrekin lanean jarraituko dugu, era ezberdin batean bada ere”.