Espainiako Hard Enduro Txapelketako proba bat jokatuko dute zapatuan Idotorben

Barren.eus 2021ko aza. 18a, 09:40

Urnobitza Kirol Klubak antolatuta, Espainiako Hard Enduro Koparako proba puntuagarria jokatuko dute zapatu honetan, azaroaren 20an, Elgoibarren. Modalitateko munduko piloturik onentsuenak lehiatuko dira.

Muturreko Enduro kategoriako txapelketa izango da, Hard Enduro edo Enduro gogorra, hain zuzen ere. Lleidan, Errioxan eta Guadalajaran jokatu dituzten proben ostean, laugarren proba puntuagarria izango da Idotorben eta inguruetan jokatuko dutena. Moto gidariek Urnobitzakoek prestatutako zirkuito gogor eta teknikoan lehiatu beharko dute. 2019an ere jokatu zuten Elgoibarren Espainiako Hard Enduro txapelketako proba. 66 moto gidarik hartu zuten parte, eta muturreko enduroan ohikoa den moduan, gutxik lortu zuten proba bukatzea, 24 gidarik, hain justu ere. Muturreko Enduroan munduko txapelduna den Mario Roman madrildarra gailendu zen, erakustaldia emanez.

2021 11 18 2019 10 12 hard enduro elgoibar mario roman euskal federazioa

Antolatzaileek azaldu dutenez, gaur egun modan dagoen modalitatea da hard enduroa. "Enduro tradizionalaren aldaera bat da, eta abiaduraz gain, pilotuaren gidatzeko trebetasuna funtsezkoa da. Hala, ibilbidea ahalik eta gehien zailtzen zaie, pilotuak eta motorrak euren ahalaren mugetaraino eramateko asmoarekin. Exigentzia maila oso handia da", adierazi dute Urnobitzako kideek.

Estatuko txapelketarako proba puntuagarria izango denez, bi egunetan jokatuko dute. Zapatuan entrenamendu libreak eta sailkapena egingo dituzte, 9:00etatik aurrera. Domekan, 9:00etatik 11:00etara, Trofeo txapelketarako lasterketa egingo dute, eta 12:00etatik 15:00etara jokatuko dute Espainiako Kopako proba.
 • Hiru aparkaleku
Antolatzaileek hiru aparkaleku prestatu dituzte txapelketa ikustera joan nahi duten ikusleentzako. Lasterketa eremura autoan gerturatzen diren lagunei mapa bat emango diete, aparkalekuak non dauden jakin dezaten eta lasterketako gune interesgarrienak ere zehaztuko dituzte mapa horretan. 
Urnobitzako kideek herritar guztiak animatu dituzte Idotorbera igotzera Hard Enduro proba batek izan dezakeen ibilbiderik ederrenetarikoaz gozatzeko aukera izango dutela-eta.

2021 11 18 hard enduro elgoibar aparkalekuak mapan