Aitziber Olaizola gailendu da Euskal Herriko 31. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketan

Barren.eus 2021ko aza. 14a, 20:23

Historian lehen aldiz emakume bat nagusitu da Euskal Herriko Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketan. Aitziber Olaizola bolari elgoibartarrak irabazi du txapelketaren 31. ekitaldia.

Lau jardunalditan jokatu dute aurtengo Euskal Herriko Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa, eta Azpeitian jokatu zuten atzo azken tiraldia, Garmendipeko bolatokian. Guztira 73 bolari aritu ziren lehian, 21 metroko distantziara zituzten hiru txirloak nork gehiagotan jo eta bota.

Jardunaldi guztietako puntuak kontuan hartuta, San Migel taldeko Aitziber Olaizola elgoibartarra gailendu da aurtengo txapelketan; guztira, 21 txirlo bota ditu lau jardunaldietan -berak irabazi zuen bigarren jardunaldia-. Datu aipagarri bat: historian estreinakoz irabazi du txapelketa emakume batek.
Elgoibarko bolariek neurria hartua diote txapelketa honi, azken edizioan -2019an jokatu zen- Xabier Loiolak jantzi baitzuen irabazlearen txapela, eta aurreragokoan, 2018koan, Angel Ibarluzeak eskuratu zuen titulua. 2017koan Asola Berri elkarteko Bittor Astigarraga eibartarra gailendu zen eta 2016koan Jabier Osoro izan zen irabazlea. Hortaz, azken bost txapelketetatik lau irabazi dituzte bolari elgoibartarrek.

Aurtengoan Markina-Xemeingo Oier Azurmendi sailkatu da bigarren, Aitziber Olaizolak botatako txirlo kopuru berarekin. Hirugarren postua, berriz, Eibarko Bittor Rodriguezentzat izan da; 20 txirlo jaurti ditu hark. Banakako sailkapenean garaipena eskuratzeaz gainera, bikotekakoan ere gailendu zen Olaizola, Angel Ibarluzearekin batera.

 • Lehendakari Txapelketa, azaroaren 20an
Azpeitiko jardunaldia jokatu ostean, azaroaren 20an, jokatuko dute Lehendakari Txapelketa, Ziortza-Bolibarko Iruzubieta bolatokian. Euskal Herriko Txapelketako lehenengo 64 sailkatuek hartuko dute parte, kanporaketa formatuan jokatuko den bola joko txapelketan. Irabazleak txapela, 300 euro eta Asola Berri taldeko kide den Oier Ugarteburuk eginiko margolan bat jasoko ditu saritzat.

∞ Lotura duten albisteak:

2021 11 13 bola jokua azpeitia aitziber olaizola Euskalherriko txapeldun

2021 11 13 bola jokua azpeitia aitziber olaizola Euskalherriko txapeldun bikoteka