51 elgoibartar eta 11 mendaroar daude izena emanda Behobia Donostian parte hartzeko

Barren.eus 2021ko aza. 9a, 18:35

Iaz pandemiagatik jokatu gabe gelditu eta gero, domekan jokatuko dute 56. Behobia Donostia maratoi erdia, euskal korrikalarien lasterketa kuttunenetarikoa. 25.379 antxitxikarik eman dute izena, horien artean 51 elgoibartarrek eta 11 mendaroarrek (2019koan 90 elgoibartarrek eta 19 mendaroarrek eman zuten izena).

Antolatzaileek emandako datuen arabera, 25.379 korrikalarik parte hartuko dute, 1.500 haurrek, 134 patinatzailek eta ezgaitasunen bat duten 51 (17 gidarekin) pertsonek.

Guztira 247 dira 20 kilometroko proban parte hartzeko izena emanda dauden debabarrendarrak, gehienak eibartarrak (118) eta elgoibartarrak (51).
Partehartzaileen kopuruari dagokionez, lasterketak 2015ean jo zuen goia: 33.780 pertsonak eman baitzuten izena. Azkenengoz jokatu zenean, 2019. urtean, Fortunakoek 33.379 dortsal banatu zituzten, eta, esan moduan, aurtengorako 25.379 lagun daude izena emanda, horietako 8.604 emakumezkoak (%25,5a). Hau da, COVID-19 tarteko %25 gutxitu da parte hartzea.

Guztira 29 herrialdetako saltakariak izango dituen arren, gipuzkoarrak dira ugarienak, 5.820 guztira (7.739 izan ziren 2019an), eta horien artean donostiarrek osatuko dute multzo handiena, 2.297 korrikalarirekin. Maite Maiora mendaroarra ere parte hartzekoa da.

Parte hartzaileek hainbat osasun neurri bete beharko dituzte COVID-19a dela-eta. Musukoa derrigorrezkoa izango da irteera taldeetan dauden bitartean, abiatu arte. Lasterketan musukoa ez da jantzita eraman beharko, baina bai soinean, helmuga gurutzatu ostean ere jantzi beharko baita, hornidura poltsa jaso arte. Ibilbidean egoten ziren solidoen anoa puntuak eta ur eta isotoniikoenak ere kendu dituzte, osasun agintarien aholkuak jarraituz.
Horrez gainera, ibilbide osoan lasterkarien dentsitatea murrizteko helburuarekin, 15 minutu luzatu dute irteeren ordutegia.

∞Lotura duten albisteak: