Himalayan dagoen Mera Peak mendia igo du Ainhoa Lendinezek, bost emakumez osatutako espedizioan

Barren.eus 2021ko aza. 4a, 10:43

Everest mendiaren hegoaldean dago Mera Peak (6.476 m.) mendia, Nepalen. Duela bi urte Everest Trail Race lasterketan hartu zuen parte Ainhoa Lendinezek munduko mendirik garaienetarokoak dauden Asiako herrialde horretan, eta itzuliko zela agindu zuen paraje eder haiek ezagutu ostean. Oraingoan, mendi handi batera egin duen estreinako espedizioan parte hartzera itzuli da.

Bost lagunekin joan zen Nepalera Lendinez, denak emakumezkoak. "Ni nintzen gazteena. Seme-alabak dituzten amak eta langileak ziren espediziokideak, eta trekkinean gindoazela atentzioa deitzen genuen, bidean gurutzatzen genituen askok esaten baitziguten ez zeudela ohituta bost emakumez osatutako espedizioa ikustera", azaldu du mendizale elgoibartarrak. Hamabost egun egin dituzte Nepalen eta joan den barikuan itzuli zen etxera.

Espedizioko lehen egunak gogorrak izan zirela azaldu du, mendira hurbiltzeko trekkineko lehen hiru egunak euritan egin zituztelako. "Gainera, hotz handia pasa genuen, eta hango aterpetxeek ere ez dute zerikusirik hemengoekin", zehaztu du. Gainera, eguraldi iragarpenak hala behartuta, bertako girora moldatzeko aldia laburtu behar izan zuten, gailurra egin ahal izateko aukera izate aldera. Goiko kanpalekura ailegatu zirenean argitu zen eguraldia eta tontorra lortzen saiatzeko aukera eduki zuten.
Bostetik hiruk lortu zuten tontorrera ailegatzea. "Nik, egia esan, gaizki pasa nuen, urdaila itxita, ezin ezer jan... hotz ikaragarria. Bost pauso eman eta atseden hartzera gelditzen nintzen. Altueraren ajeak nabaritu zituen nire organismoak: buruko mina, zorabioa, goragalea. Kilimanjaroren 5.800 metroak ziren orain arte sekula egon naizen garaiena altuena eta igarri dituk oxigeno ezaren eraginak. Aldiz, nire lagun bat udan apenas entrenanatu gabe joan da, eta hari ez dio hainbeste eragin altuerak. Kontua da, azkenean lortu nuela tontorra eta han goitik Mankalu, Everest, Cho Oyu.. danak eduki genituelako parez pare. Ikusmira ederra. Esperientzia gogorra bezain polita izan da mendi handi batera egin dudan estreinako espedizioa, zailtasun teknikorik gabekoa izan arren. Himalaya, baina, beste liga bat da. Hori bai, ia bost kilo argalduta etorri naiz. Orain berreskuratzea tokatzen da, ia Karakateko igoerarako ondo nagoen. Argi dudana da datorren urtean era honetako goi mendiko beste espedizio bat egin nahi dudala".

2021 11 05 mera peak espedizioa nepal himalaia ainhoa lendinez kanpalekua

2021 11 04 mera peak nepal espedizioa ainhoa lendinez

∞Lotura duten albsteak: