Egoitz Morak 100 kiloz gorakoen kategoriako tituloa lortu zuen, eta 60 kiloz azpiko kategorian gailendu zen David Mendazona. Usurbilgo Dojo Arrillagan entrenatzen du gaur egun Mendazonak, baina Egoitz Mora izan zuen estreinako maisua, zortzi urte zituenetik, eta hori dela-eta berezia izan da maisuak eta ikasleak lortu berri duten Gipuzkoako titulo hori. Euskadiko txapelketa izango da bientzako hurrengo erronka. Azaroko lehen asteburuan jokatuko dute. Maisuak eta ikasleak Gipuzkoakoan urrezko domina irabaztea handia izan bada, Euskadiko txapelketan ere lortzen badute itzela izango litzatekeela esan du Morak. Eta hori txapelketa honetako dominatzaile nagusiena denak dio, 17 alditan irabazi baitu Euskadiko txapelketa, 2.000. urtetik 2017ra, errenkadan.
• Txapeldun Espainiako Judo Txapelketa Unibertsitarioan
Belauneko lesioa izan ostean, sasoi betean itzuli da Egoitz Mora. Beteranoentzako Espainiako Judo Txapelketa irabazi zuen lehenik, irailean. Eta duela bi aste Espainiako Judo Txapelketa Unibertsitarioa irabazi zuen Madrilen, Villaviciosa de Odon herrian jokatu zuten txapelketan (ikus hemen egin zituen borrokaldien laburpen bideoa). Judoka elgoibartarrak Madrilgo Alfonso X el Sabio unibertsitatea ordezkatu zuen, bertako ikaslea baita une honetan. "Gazteagoa nintzenean bukatu gabe bertan behera laga behar izan nituen ikasketak eta berriro hasi naiz orain. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua egiten ari naiz Madrilen. Espainiako Txapelketa Unibertsitarioen berri eman zidaten eta parte hartzera animatu ninduten. 39 urterekin parte hartu ahal nezakeen izan zen egin nien lehen galdera, eta erantzuna baiezkoa izan zenez, parte hartzea erabaki nuen. Guztien aita izan nintekeen, 16 urte kentzen bainizkion partehartzaile zaharrenari. Pentsa, han ikusi nindutenean ordezkaritzaren bateko delegatua nintzela uste zuten askok eta esan ere halaxe egin zidaten", azaldu du. Ikasle gazteagoek ezin izan zuten zaharragoa garaitu.
Euskadiko Judo Txapelketan hamazortzigarren tituloa irabaztea da Egoitz Morak bere buruari denboraldi honetarako jarri dion erronketako bat, eta badu erronka handiago bat ere, Espainiako Txapelketa guztietan podiumera igotea, orain arte inork egin ez duena. Beteranoetako eta Unibertsitateko urreak etxean ditu, eta zailena falta zaio senior mailako Espainiako Txapelketan podiumera igotea.
∞Lotura duten albisteak: