Utahn jokatuko den Munduko triatloi txapelketan lehiatzeko plaza lortu du Ioseba Tamayok Portugalen

Barren.eus 2021ko urr. 27a, 11:55

Ioseba Tamayo Ironman erdiko distantzian (1.9km igeri, 90km bizikleta eta 21km korrika) lehiatu zen Ironman 70.3 Cascais proban, joan den asteburuan; eta, triatleta elgoibartarrak laugarren egin zuen, bere adin-tartean.

Estoril hiritik gertu dagoen Cascais herrian jokatu zuten Ironman 70.3 Cascais triatloia. Bi distantziatan lehiatzeko aukera zegoen. Bata Ironman erdiko distantzian (1.9km igeri, 90km bizileta eta 21km korrika) eta bestea Ironman distantzian (3.8km igeri, 180km bizikleta eta 42,2km korrika). Lehenengoan lehiatu zen Tamayo, Jaz Eibar Triatloi Taldeko kidea.

Probaren nondik norakoen berri eman du. Hala, igeriketako proba haizerik gabe egin zutela azaldu du, baldintza ezin hobeekin bere berbetan. "Sentsazio oso onekin hasi nintzen igerian eta irteeran horren ohikoak diren gainerako lehiakideen kolperik jaso gabe. Kolpeak lehen buiara ailegatu ginenean etorri ziren. Bat edo beste jaso arren, arazorik gabe bukatu ahal izan nuen igeriketako zatia, eta niretzako denbora ona dena eginda". Ia bi kilometroko distantzia 29 minutu eta 20 segundoan osatu zuen igerian. Lehen trantsizioa lasai hartu zuela eta zazpi minutu behar izan zituela azaldu du, "uretatik irten eta bizikleta zegoen lekuraino ia kilometroko tartea zegoen-eta". Bizikleta gainean egin zituzten lehen metroetan Cascaiseko galtzada-harrien gainetik igaro ziren eta botilatxoa galdu zuen arren, azkar egin zituen ibilbide lauan jokatutako lehen kilometroak. Ibilbideko mendate garrantsitzuena igotzean ere ondo moldatu zen. "Jaitsierako bihurguneetan ez nuen gehiegi arriskatu, baina Estorileko motor zirkuituan sartu ginenean erritmoa bizitu nuen, eta laua zen azken zatian bizkorrago ibili nintzen. Hala, 2:30:06ko denbora neramala heldu nintzen bigarren trantsiziora, gustura bizikleta gainean eginiko lanarekin, 1.000 metroko desnibel positiboa baitzuen ibilbideak". Korrika egin beharreko maratoi erdia "oso sendo" hasi zuela dio Tamayok, eta bere buruari jarritako erritmoa mantentzen saiatu zela, kilometroa lau minutuan korritzea, alegia, aldapa bat edo bestek asmoak zaildu zizkioten arren. 21 kilometroak 1:24:55ko denboran amaitu zituen. Triatloia oso gustura eta sentsazio onekin bukatu zuen, 4:33:55ko denborarekin.

 • Munduko txapelketarako plaza
Tamayo laugarren postuan sailkatu zen bere adin tartekoen artean, 30 eta 34 urte artekoen mailan, eta 49. postuan sailkapen nagusian; eta, gaur baieztatu diote plaza bat izango duela Ironman 70.3 World Championship txapelketan, 2022ko urriaren 28an jokatuko da St. Georgen (Utah estatua, AEB) hirian.

2021 10 23 cascais ironman portugal ioseba tamayo bizikletan elgoibar

2021 10 23 cascais ironman portugal ioseba tamayo elgoibar

∞Lotura duten albisteak: