Aizkolari bakoitzak bosna enbor moztu behar zituen: 36 ontzako bi enbor, 45 ontzako bi enbor eta kanaerdiko bat (54 ontzakoa). Berako aizkolari Nerea Sorondo izan zen azkarrena lanak amaitzen, 15 minutu eta 41 segundoko denbora eginda. Laiene Pikabea hernaniarrak egin zuen bigarren denborarik onena: 19 minutu eta 24 segundo. Uxue Ansorregik osatu zuen podiuma. Herri kirolari mendaroarrak 22 minutu eta 32 segundoan bukatu zituen lanak. Maika Ariztegi iturendarra (22.57) sailkatu zen laugarren postuan, Xanta Sousa lesakarra (26.09) bosgarrengoan eta Beatriz Tanco (29.31) seigarrengoan.
Aizkora txapelketarekin batera, emakumezkoen Euskal Herriko harri-jasotze txapelketa ere jokatu zuten Mungiako plazan jokatutako herri kirol jaialdian. Hemen ere sei harri-jasotzaile lehiatu ziren, hiruna minutuko txandetan, 75 kiloko harri zilindrikoarekin, 62,5 kiloko kubikoarekin eta 62,5 kiloko kubikoarekin. Karmele Gisasola mallabiarra gailendu zen eta Lucia Orbe izan zen txapeldunordea.
Bakarkako txapelketa ofizial batean inoiz baino emakume gehiagok hartu zuten parte Mungian jokatutako txapelketetan, seina emakumek hartu baitzuten parte aizkorako eta harri-jasotzeko txapelketetan.