Lizarrako Remontival pilotalekuan jokatu zuten Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala Nafarroa Oinez egunaren barruan. Aurrez Deustun eta Leitzan jokatutako finalerdietan sailkatutako lau aizkolariak ziren finalean aritzekoak, baina hiru lehiatu ziren azkenean, Suharri Rodriguez 'Paolla' laugarrenak ezin izan baitzuen lehiatu, gaixorik zegoela-eta.
Hodei Ezpeletak 17 minutu eta 49 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko. Jokatu zituzten lau probetatik hirutan izan zen azkarrena (erloju kontra 40 segundo, zutik 1´24´´, abiaduran 3´03´´ eta lan erdira 12´42´´). Jokin Urretabizkaia ‘Basozabal’ aizkolari donostiarrak egin zuen bigarren, irabazlearengandik 54 segundora, 18 minutu eta 43 segundoan amaitu baitzituen lau probak (erloju kontra 57 segundo, zutik 1´50´´, abiaduran 2´43´´ eta lan erdira 13´13´´). Ibai Soroak 21 minutu eta 51 segundoan ebagi zituen enborrak (erloju kontra 48 segundo, zutik 1´58´´, abiaduran 3´06´´ eta lan erdira 15´59´´)
• Uxue Ansorregi, Bizkaiko Zaku Eramate Txapelketan
Herri kirolak laga gabe, Uxue Ansorregi mendaroarrak Bizkaiko Zaku Eramate Txapelketan hartu zuen parte, joan den urriaren 17an, Iurretako Kepa Arroitajauregi pilotalekuan. Emakumezkoetan Oihane Parrak eskuratu zuen irabazlearen txapela, 30 segunduko denbora eginda. Ansorregik bosgarren egin zuen 38 segunduko denborarekin. Gizonezkoetan Igotz Ardeo gailendu zen.